Urtero moduan, unibertsitatera sartzeko probak egiten hasi dira Hego Euskal Herrian, 3.822 ikasle aurkeztu dira Nafarroan eta 12.900 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Guztira 16.722 ikasle hasi dira unibertsitatean sartzeko probak egiten, ekainaren 6, 7 eta 8an Nafarroan eta 7, 8 eta 9an, berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 2023ko deialdian. Ohikoa den bezala, unibertsitatera sartzeko notaren %60 batxilergokoa da, %40 egun hauetan egin beharreko azterketetakoa.
Aurtengo deialdia, LOMLOE hezkuntza erreforma martxan jarri aurreko azken deialdia izango da, eta azken hiru ikasturteetan bezalaxe, COVID-19 dela eta ezarritako formatu berbera errepikatuko da.
Protestak ere bai
Ikasle Abertzaleak antolakundeak selektibitatearen kontrako kontzentrazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko campus guztietan. Asteartean egin zuten Nafarroan, eta ostegunean goizeko 10.30ean egingo dituzte gainontzekoetan. Ibaetako aulariopean (Donostian), Farmaziako Fakultate Atzean (Gasteizen), Mikel Laboa Plazan (Leioan) eta Ingenieritza Eskolan (Eibarren).