204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren bueltan.
EAEn 141 herritarrek eta Nafarroan 63k egin zuten beren buruaz beste 2023an, datu ofizialen arabera. Aurten, berriz, 23 dira lehen seihilekoan Nafarroan suizidatu diren pertsonak; epe berean, Osasunbideak 163 suizidio kode aktibatu ditu (%57 emakumeak), arrisku egoeran egon daitezkeen herritarrak identifikatu eta jarraipena egiteko helburuz. Pertsona horien historia klinikoan agertzen da kode horren barruan daudela eta horren bidez lortu nahi da arreta terapeutikoa jasotzeko lehentasuna izatea, osasun sistemaren gurpilean katigatuta geratu ez daitezen.
Hamar urte dira Nafarroan jarrera suizidak prebenitzeko eta artatzeko batzordea sortu zutela (Napresui) eta administrazioaren arlo guztiak koordinatuta (osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, larrialdiak, poliziak, hedabideak, eragile sozialak) elkarrekin lan eginez prebentziorako protokoloaren segimendua egitea du zeregin nagusi. Uneotan, protokoloa gaurkotu eta eraginkorrago bilakatzeko lanean ari direla adierazi dute Nafarroako Gobernutik.
EAEn ere, segimenduan jartzen du indarra Osakidetzak: suizidio saiakera bat izan duen jendearen jarraipena egiten dute, eta zerbitzu horretatik 1.500 bat lagun igaro dira, duela urte pare bat martxan jarri zenetik. Kasu horretan, artaturiko bi heren emakumeak izan dira.
Zehazki hezkuntzan, eskolan suizidioa prebenitu eta esku hartzeko protokoloa 613 aldiz abiatu zuten iaz EAEn, protokoloa martxan jarri zen lehen ikasturtean. Bai irakasleak, bai ikasleak gaian trebatzea da helburua, buruko osasun arazoak ikasleen artean ere arazo larri bihurtu diren garaiotan.
024 telefonora, larrialdietakora (112), Itxaropenaren telefonora, Besarkada elkartearenera… deitzea ere gomendatu dute administraziotik, ideia suizidak izanez gero.
Uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden helduleku lagungarriak jakinaraziz informatzea inportantea da
Suizidioaz egoki informatzeak bizitzak salba ditzake
Tabuari, estigmari eta mito faltsuei aurre egiteko, baita ideia suizidak dituztenak laguntzeko ere, gaiaz ongi komunikatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu dute prebentziorako Nafarroako batzordetik, eta horregatik, suizidioaz behar bezala komunikatu duten hedabide eta lanak aitortzeko sari lehiaketa abiatu du Napresuik.
Ildo berean, Agifes elkarteak ere komunikazio lehiaketa du martxan: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana saritu nahi dute.
Azken finean, gaiaren inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden helduleku lagungarriak jakinaraziz informatzea inportantea da, ARGIAn kontatu genuenez.
Senideen esperientzia
Suizidioa Prebenitzeko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte han-hemenka. Azpeitian, esaterako, hitzaldia emango dute hilaren 16an, Agifesek antolatuta. Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko Belén Perales eta Eneko Eizagirre kideek Suizidioa: nola prebenitu hitzaldia eskainiko dute, gaztelaniaz. Hizlari biek senide bat galdu dute suizidioagatik, eta euren esperientzia eta bidean ikasitakoa partekatuko dute.
Zer egin eta zer ez, norbaitek esaten badizu suizidatu nahi duela
Lagundu nahi eta kontrakoa eragin dezakegu, ez badakigu gestionatzen zer esan eta egin, gertuko norbaitek aitortzen digunean egoerak gain hartu diola eta bere buruaz beste egingo duela. Jarraibide erraz batzuk eman ditu Pablo R. Coca psikologoak, hain egoera konplexuari aurre egiteko lagungarri, eta ARGIAn eman genuen horien berri.