argia.eus
INPRIMATU
“1620, Nafarroako lo(r)aldia” jardunaldia burutuko dute Donapaleun urriaren 3an
  • Duela 400 urte, Nafarroako eta Frantziako erresumak bateratu zituen ediktua sinatu zen, 1620an, "Nafarroako garai kultural oparoenaren amaiera eragin zuen gertakari historikoa eman zen". Garai ezinbesteko hori ahanzturatik ateratzeko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak, Zabalik Elkarteak eta Hernani Errotzenek 1620, Nafarroako Lo(r)aldia programa antolatu dute, urriaren 3an Donapaleun abiatuko dena.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 11
"1620, Nafarroako Lo(r)aldia" programa aurkeztu dute Donapaleun, urriaren 3an bertan ospatuko den jardunaldiaren mamia ezagutaraziz. Prentsaren aurrean ziren Donapaleuko auzapez hautatu berri Charles Massondo, Amikuzeko Zabalik elkarteko Mattin Irigoien, Nabarraldeko zuzendari Angel Rekalde eta Jean Louis Davant historialari eta idazlea. Urriaren ekitaldiak leku horretan beran burutuko dira, fraide frantziskotarren konbentu izan ostean gaur Bideak-Chemins kultur zentroa den horretan.
 
Aurkezpenean esan dutenez, "1620an, duela 400 urte, ziklo historiko bat itxi zen: Nafarroako kulturaren garairikloriatsuena, aberatsena eta garaiena. Garai laburra izanagatik ere kulturalki emankorrena izan zen baina, tamalez, gertaera politiko jakin batekin eman zitzaionitxiera: Paueko ediktua, Frantziako Luis XIII-aren eskutik iritsi zena. Ediktu honen bitartez Nafarroa Frantziako koroarekin bateratu zuen erregeak, eta gure lurraldeak bere subiranotasuna behin betiko galdu zuen". Garai oparo hura ahanzturatik ateratzeko helburuz osatu da urriaren 3ko programa izenburutzat daramana "Nafarroako Lo(r)aldia".
 
"Atal historiko honek –esan dute antolatzaileek– bi esanahi garrantzitsu eskaintzen dizkigu: alde batetik, ia mila urtez jardun zuen eta nazioarteko mapan Euskal Herria kokatzen zuen Europako Estatu baten amaiera. Bestetik, etapa berezi eta bikain baten amaiera (Shakespearek ‘Nafarroa munduaren mirespena izango da’ esaldi ezaguna idatzi zuenekoa): Nafarroako Errenazimendua kulturaren, pentsamenduaren eta artearen arloan, euskal gizarteari Europa mailan izugarrizko distira eman ziona”.

Jardunaldiaren egitarauan irakur daitekeenez, urriaren 3an goizetik hasita Jean Louis Davanten sar-hitzaren ostean mintzatuko dira Alvaro Adot, Luis M. Martinez de Garate, Amaia Nausia, Xabier Irujo, Thierry Issartel, Mique Joseph, Eneko Bidegain eta Iñaki Luzuriaga.

Bazkalondoan inauguratuko dute "Nafarroako Errenazimendua" erakusketa, Asisko Urmeneta marrazkilariak zuzendu eta komisariatu duena, Donapaleun estreinatu ostean Euskal Heriko hainbat hiritan erakutsiko dena.

Eguna Donapaleun gaindiko bisita gidatu batekin eta Asisko Urmenetaren "Kale barroka" antzekiarekin amaituko da.

Donapaleluko auzapez Charles Massondo (eskuinean) eta haren ondoan ekitaldiaren antolatzaileak: Angel Rekalde, Jean Louis Davant, Mattin Irigoien eta Charles Massondo