ETAk 2011n jarduera armatua behin betiko eten izanagatik ere, geroztik igaro diren lau urteetan jendea atxilotzen jarraitu dute erakundearekin ustezko harremana izateagatik.
Tarte horretan Mariano Rajoy izan da agintean Espainian, eta euskal gizartetik gatazkaren konponbidean urratsak ematea eskatu zaion arren, zentzu horretan Espainiako Gobernuak mugimendurik ez du egin, argudiatuz horretarako baldintza bakarra ETA guztiz disolbatzea dela. Mugitu, mugitu da, baina beste norabide batean, atxiloketa kopuruak erakusten duen bezala. Guztira 161 izan dira, horietatik 47 iragan urtean.
Humberto Unzuetak Noticias de Gipuzkoa kazetan idatzi duenez, atxilotuen artean gehienak iraganean ETArekin ustezko harremana izandako pertsonak dira, justiziarekin zeuzkaten zor zaharren edota sumario berrien ondorioz atxilotuak. Horiez gain, presoen defentsaz arduratutako abokatuen eta sare sozialetan ustez terrorismoari gorazarre egindakoen atxiloketak ere oso ugariak izan dira, batik bat azken urteetan. Komando operatiboetako kide aktiboak atxilotuen kopuru osoaren zati txiki bat besterik ez lirateke.
Kontu zaharrak, atxiloketa berriak
Azken horien artean sartuko lirateke Iratxe Sorzabal eta David Pla. Polizia frantziarrak Baigorrin atzitu zituen ETAko buruzagitzat zeuzkatenak. Atxiloketa hauekin armategiaz arduratzen zen zuzendaritza egitura deuseztatutzat jo zen.
Atxilotuen artean erakundeko kide ohiak ere badaude. Iragan urtean, esaterako, Santiago Arrospide eta Carlos Garcia Preciado hartu zituzten atxilo. Lehenengoari dagokionez, kartzelan bi hamarkada eman eta aske gelditu ostean atzitu zuten, justizia espainiarrak ez baitzuen onartu Frantziako kartzeletan emandako urteak deskontatzea. Garcia Preciado, bere aldetik, Erroman atxilotu zuten, bertara duela hamabost urte ihes egin ostean.
Abokatuak jomugan
Azken agintaldian Rajoyren gobernuak gogor egin du euskal preso politikoen abokatuen kontra. 2014ko urtarrilean Guardia Zibilak EPPK-ko zortzi bitartekari atxilotu zituen, tartean Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak. Urtebete geroago hamasei lagun atxilotu zituzten, abokatuak gehienak, ETAri babesa ematea egotzita. Atzituen artean zeuden Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga, orduantxe Auzitegi Nazionalean epaitu behar zituzten ezker abertzaleko kideen abokatu zirenak.