argia.eus
INPRIMATU
160.000 pertsona baino gehiago irten dira kalera Berlinen, eskuin muturrari “suhesia” jartzea aldarrikatzeko
  • Larunbatean hamarnaka milaka herritar manifestatu dira Berlinen eta Alemania osoan. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorren atarian, gainontzeko alderdiei eta bereziki CDU alderdi kontserbadoreari exijitu diete AfD eskuin muturreko alderdiarekin harreman oro eteteko.

ARGIA @argia 2025eko otsailaren 03a
AFP

Antolatzaileen arabera 250.000 herritar batu dira manifestaziora, eta Poliziaren arabera 160.000. Zintzoen altxamendua. Suhesiaren aldeko manifestazioa izan da deialdiaren leloa.

Mobilizazioa CDU eskuin tradizionaleko alderdiaren egoitzaren aurrean amaitu da. Aurretik, ekitaldian, Michel Friedman publizista izan da hitza hartu dutenetako bat. Friedmanek CDU utzi berri du, alderdi kontserbadoreak parlamentuan eskuin muturreko AfDrekin batera bozka eman ostean.

CDU eta AfD

Otsailaren 23an izango dira hauteskunde orokorrak Alemanian, eta inkestek emaitza onak aurreikusten dituzte eskuin muturreko AfD alderdiarentzat. Testuinguru horretan, iragan astean CDUko demokristauek AfDrekin batera bozkatu zuten Alemaniako Parlamentuan, migratzaileen aurkako ebazpen ez lotesle batean. CDUren erabakiak hautsak harrotu ditu, alderdiaren barnean ere sortu dira tentsioak. Angela Merkel kantzilerrak ere, CDUko lider ohiak, arbuiatu egin du CDUk AfDrekin batera botoa eman izanak.

Larunbatean ez ezik, igandean ere izan dira mobilizazioak Alemania osoan, eta ez soilik Berlinen. Astelehen honetan manifestazio berriak iragarri dituzte, CDU Berlinen ospatzekoa den kongresuaren inguruan.