Bezperako zentsura mozioa dela medio, Frantziako Gobernua erori izanak ez ditu herritarrak etxean geldiarazi eta jarraitua izan da CGT, CFDT, Unsa, FSU, Solidaires, CFE-CGC eta FA-FP sindikatuek, baita LABek ere deituriko greba eguna.
Aldarriak Guillaume Kasbarian Frantziako Funtzio Publikoko ministroari zuzentzekoak zituzten, baina bizkitartean, desegin behar izan dute gobernua, bezperako zentsura mozioaren eraginez. Hala eta guztiz ere, funtzio publikorako greba deialdiari erantzun eta milaka herritar bildu dira Frantziako Estatuan barna buruturiko 160 bat manifestazioetan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 1.600 lagun elkartu dira Baionako karriketan. Zerbitzu publikoentzat baliabide gehiago eskatzeko eta gobernuaren austeritate politika salatzeko mobilizatu dira.
Urdin Euskal Herri Irratiak zehaztu duenari segi, Ipar Euskal Herrian ere irakaskuntzan du jarraipen handiena ukan grebak. Lehen mailan, %70ak du sindikatuen deialdiarekin bat egin, eta bigarren mailan %50ak. Frantziako Hezkuntza ministerioaren arabera, irakasleen %31,32 dira greban Frantziako Estatu osoan. Baina oro har, garraioetan, osasungintzan zein bestelako zerbitzu publikoetan sentitu da mobilizazioa. Grebaren jarraipena baikorki baloratu dute eguerdian sindikatuek.
Gobernuaren aurrekontua eztabaidagai duten honetan, hiru xedek dute sindikatuen desadostasuna areagotu: lan geldialdiko lehen hiru egunak ordainik gabekoak izatea –gaur egun egun bakarra galtzen dute langileek–, geldialdian jasotako saria %10 apalagoa izatea eta erosahalmenaren apaltzea estaltzeko funtzionarioei eman ohi zaien gainsaria ezabatzea. Dena dela, Michel Barnier Lehen ministro ohiak Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuta Gizarte Segurantzaren aurrekontuak onartzeagatik aurkezturiko zentsura mozioaren eraginez, neurri horiek guztiak eta aurrekontua bera dira geldian.