argia.eus
INPRIMATU
Ikurrina bat, hamahiru gazte, 160 urteko kartzela zigor eskaera
  • Osotara 160 urteko kartzela zigor eskaera egin du akusazio partikularrak 2010eko txupinazoan ikurrina zabaldu zuten hamahiru gazteentzat. Fiskalak 33 urte eskatu dizkie. Auziperatuek Iruñean “salbuespenezko egoera” bizi dela salatu dute.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 10
2010eko txupinazoan udaltzainek istiluak eragin zituzten ikurrina plazan sartzea eragotzi nahian.

Legez debekatuta dago Nafarroako udalerrietan ikurrina jartzea, 2004an UPNk sinboloen legea onartu zuenetik. Debeku horri aurre egin nahian, 2010ean ikurrina sartu nahi izan zuten hainbat herritarrek Udaletxe plazara, sanferminetako txupinazoa bota baino pixka bat lehenago, suziriaren orduan ikurra bertan egoteko.

Iruñeko Udaltzaingoak, baina, eragotzi nahi izan zuen. Orduan, udaltzainen eta plazan zeudenen artean liskarra egon zen.

Bideoan ikus daitekeen bezala, poliziek hainbat pertsonari egin zioten eraso; liskarraren ondorioz ere, Madrilgo gazte bat larriki zauritua izan zen, ustez udaltzainei zuzendutako botila batek buruan jo eta gero.

Gertakari horren harira, auzipetutako hamairu pertsonak azaroaren 18an epaituko dituzte. Akusazio partikularrak osotara 160 urteko kartzela zigorra egin du eta 350.000 euroko isuna. Fiskalak, 33 urteko kartzela zigorra eskatu du eta 150.000 euroko isuna.

Epaiketaren aurretik, auzipetuek Iruñean bizi den egoera kritikatu zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Ibai Moreno gazteak hartu zuen hitza auziperatu guztien izenean. Morenoren aburuz, UPNk “fobia” dio ikurrinari. Orain dela lau urteko txupinazoan, ikurrina eraman zutenei udaltzainek eraso egin ziela salatu, eta “bortizki” jipotu zituela esan zuen agerraldian. Era berean, zauritua izan zen Madrilgo gazteari elkartasuna adierazi zion.

“Hemen ikurrinaren defentsa kartzela eskaerekin zigortzen da”, salatu eta “denen eskubideak errespetatuko dituen hiri bat” eraikitzeko deia zabaldu zuten.

Bilerak sindikatu, gizarte eragile eta alderdiekin

“Ahalik eta babes handiena” lortzeko bilerak hasiko dituzte auzipetuek sindikatu, gizarte eragile eta alderdiekin. Horrez gain, “bestelako Iruñea baten alde” mobilizazioa antolatu dute hilaren 26an, 12:00etan, udaletxeko plazan.

Hemen ikurrinak Iruñean izan duen garapenari buruzko informazio gehigarria: Ikurrina Iruñean.