Feminismoaren definizio moderno bat eskaintzeko eta XXI. mendeko emakumeek jasaten duten diskriminazioaz eztabaidatzeko asmoz, Suediako 16 urteko ikasle guztiek oparia jasoko dute: Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarraren Denok feminista izan beharko ginateke liburuxka.
Liburuxka banatzeko ekimena Suediako Emakumeen Lobbyak jarri du martxan, eta beste hainbat elkarteren laguntza lortu du horretarako, tartean Nazio Batuen Erakundearen Suediako ordezkaritzarena. Akuilua izan nahi du, gazteek genero-berdintasunaz eta feminismoaz gogoetatu eta hitz egin dezaten. “16 urte nituenean nire ikaskideek irakurria izatea gustatuko litzaidakeen liburua da hau. Institutuko bigarren graduko ikasle guztientzako oparia da, baina baita guretzako eta etorkizuneko belaunaldientzako oparia ere”, adierazi du Clara Berglund Suediako Emakumeen Lobbyko lehendakariak.
Manifestu umoretsu eta zuzena
Idazle nigeriarrak 2012an emandako hitzaldi baten bertsioa da Denok feminista izan beharko ginateke; idatzi laburra, umoretsua, argia eta zuzena. Azaltzen du feminista izateak ez duela esan nahi gizonak gorrotatzea, beti haserre egotea, ez depilatzea… Hitzak oraindik dituen konnotazio negatiboak agerian utziz. Eta egiteko asko dagoela azpimarratzen du, emakumeek gizonek baino diru gutxiago irabazten dutelako lan berdina egiteagatik, egoistatzat hartzen dituztelako umerik izan nahi ez badute, errudunak direlako erasoa jasaten dutenean, eskolatik diskriminatzen zaielako…
Adibide argigarrien bidez, emakumeen eskubideen aldeko diskurtso etikoa eraikitzen du, finean, Chimamanda Ngozi Adichie autorearen lanak.