argia.eus
INPRIMATU
16 urteko gazte bat hil da Paris inguruko Elancourt hirian, Poliziaren auto batek uzkailirik
  • Bertsio ofizialaren arabera, motocross batean zebilen eta Polizia ikustearekin "ihes egin" du gazteak, eta paretik zetorren beste polizia auto baten aurka hartu du kolpea. Bi inkesta abiatu ditu  Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak: bata, gazteari dagokionez, "ez obeditzeagatik" eta bestea, bi poliziei begira, "nahigabeko kolpatzeagatik".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 07a
Irailaren 6an gertatu da istripua, Nahel Merzouk gaztearen heriotza pasa eta bi hilabete eta erdira. Argazkia: Wikimedia

Bi hilabete eta erdi pasa direla Frantziako Poliziak Nahel Merzouk gaztea tiroz hil zuenetik eta banlieue edo auzo popularretan matxinada bortitzak izan zirenetik, beste gazte bat hil du Poliziak irailaren 6 honetan. 16 urteko gazte bat, motocross batean zebilena eta Polizia ikustearekin "ihes egin" duena, bertsio ofizialaren arabera. Ihes egin eta parean bildu du bigarren polizia auto bat, uzkaildu duena. Kolpaturik ospitalera eramana izan zen, baina asteazkengauean hil zen gaztea. Paris ondoko Elancourt hirian gertatu da ezbeharra.

Bi inkesta abiatu ditu IGPN Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak, bata, gazteari begira, "ez obeditzeagatik" eta bestea, "nahigabeko kolpatzeagatik", bi poliziei dagokionez.

"Ez obeditzeagatik" hilketak

2017an zabaldu zion Frantziako Gobernuak Poliziari arma erabiltzeko eskubidea, parekoak ez duenean obeditzen "bere burua defenditzeko" aukerari zabalduz. Orduz geroztik azkarki emendatu dira arrazoi hori esku artean bideratu kolpatzeak ala hilketak. Bideko segurtasunari buruzko ministerioarteko ikuskaritzaren datuen arabera, 2010etik 2019ra, arau-urratze hori %49ez emendatu zen –eta %80ez kasu larrientzat–. Oroit Nahel Merzouken kasuan ere hori leporatu ziola Poliziak gazteari, baina ibiltari batek grabaturiko bideoan argiki agertu zela hilketaren gehiegikeria. Ikuskaritza horren azken txostenean irakurri daiteke arrazoi horrengatik iaz 157 pertsona eta 2020an 153 tirokatu zituela Frantziako Poliziak.

Nahel Merzouken heriotzak matxinada bortitzak ondorioztatu zituen Frantziako banlieue anitzetan, eta errepresioz erantzun zuen Gobernuak. Orduz geroztik ez da neurririk hartu auzo popularretako egoera sozioekonomikoa hobetzeko ala Frantziako Poliziaren baitan kausitu daitekeen arrazakeria sistemikoari dagokionez lanketa bat abiatzeko.