argia.eus
INPRIMATU
158 migratzaile zeramatzan Aita Mari itsasontzia Messinan porturatu da
  • Otsailaren 9 eta 10 artean 158 pertsona erreskatatu zituen Mediterraneoko uretan itsasontzi euskaldunak. Bete-bete egindako itsasontzia Italia edo Maltako porturen batean porturatzeko baimen bila egon da, atzo, otsailaren 12a, Italiako gobernuak Sizialiako Messinako porturako sarbidea eman arte. Gaur iritsi da itsasontzia Siziliara, migratzaile guztiak onik.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 13a
Migratzaileak portu seguruan.

Erreskatatutako pertsonen artean 51 adin gabekoak dira, eta haurdun dauden hiru emakumezko daude. Igandean jaso zituzten migratzaile ia denak Afrikakoak ziren, astelehenekoak, berriz, Bangladeshekoak.

Itsas Salbamentu Humanitarioa (SMH gazteleraz) gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du: “Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren arabera ezin daiteke bere jatorrizko herrialdera itzularazi nazioarteko uretan erreskatatutako inor”. Beraz, Europar Batasunak erreskatatutako pertsona horiek onartu behar dituela azaldu du.

Horrez gain, Europar Batasunaren “inmobilismoa” salatu nahi izan du. Izan ere, bere hitzetan: “Europar Batasunak, hilero ontzi prekarioetan itsasora egiten duten pertsonak daudela jakinda ere, ez du bilaketa eta erreskaterako ontzi-indarrik hedatzen", eta "Libiako kostazain auto-izendatuei bilaketa eta erreskate operazioen kudeaketa de facto lagatzea" kritikatu du.

Justizia poetikoa

Erreskatatutako 158 migratzaileen porturatze seguruaren albistea heldu den egun berean jakinarazi dute Matteo Salvini Italiako Barne ministro ohiaren aurkako epaiketa aurrera eramatea onartu dela.

Salvini, Lega Norte alderdi ultraeskuindarreko burua, errefuxiatuen aurkako politikengatik egin da famatu.  Barne ministro zenean 131 migratzaile erreskatatu zituen Gregoretti itsasontziari porturatze baimena ezeztatzeagatik eramango dute epaitegietara. Migratzaile horiek Europako herrialdeetan banatu zituzten, Italiako ezezkoaren ostean.