Astelehenean Mediterraneoan egindako bi irteeratan erreskatatu dituzte. Porturatzeko portu baten zain daude orain. Orotara, 642 pertsona daude lur hartu ahal izateko zain.
Open Arms ontziak 56 pertsona erreskatatu zituen astelehen arratsaldez, eta beste 102 gauez, ontzi baten berri izan ostean egindako irteeran. Ontziko arduradun Gerard Canalsek emandako datuen arabera, erreskatatutakoen artean ez dago egoera larrian denik, nahiz eta lesioak dituenik baden. Senegal, Hego Sudan, Gambia, Egipto, Txad edo Burkina Fasokoak dira ontziak hartu dituen 158 pertsonak, horietatik 38 adin txikikoak. Artatu eta jaten eman diete. Egoera “orokorrean ona” dela adierazi dute.
Open Arms-ek erreskatatutakoekin batera, 642 pertsona daude porturatzeko zain: Alan Kurdik 77 pertsona ditu bere baitan asteburutik, eta Ocean Vikingek 407 pertsona erreskatatu ditu bost operazio ezberdinetan. Azken bi ontziek Tarontora (Italia) bidea hartu dute, portu bila. Open Arms ontzia Libiako kostaldetik gertu dago, bertan dagoen ontzi bakarra izanik.
870 migratzaile heldu dire Italiara urte hasieratik hona; iaz, garai bertsuan, 155 ziren iritsitako pertsonak, Italiako Barne Ministerioaren datuen arabera.