argia.eus
INPRIMATU
153.600 euroko isuna Askeri, euskal presoen alde egindako martxa batengatik
  • Aske antolakundeak aldarrikatu du elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka ez dela delitua. Eta, Ertzaintzak indarkeria erabiltzeko duen inpunitatea kritikatu du. Antolakundekoei jarri dizkieten isunak ordaintzeko, urriaren 5ean antolatuko duten elkartasun egunerako deia luzatu dute.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 13a

Guztira 153.600 euroko isunak jarri dizkiete Aske antolakundeko 128 kideri. 2023ko abenduaren 30ean, Zaballako espetxera egin zuten euskal preso politikoen aldeko elkartasun ibilaldiagatik jarri dizkiete isunak Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, Mozal legea baliatuta. Aldarrikatu dute elkartasun ibilaldia ez dela delitua. Asteazkenean Gasteizen egindako agerraldian salatu dute elkartasuna eta amnistiaren aldeko borrokak "kriminalizatu eta delitu bilakatu" nahi dituztela.

“Heriotza mehatxuak, jipoiak, goitik behera grabatzea eta miaketetan ukituak egitea" leporatu diete Askeko kideek ertzainei, eta indarkeria erabiltzeko duten inpunitatea salatu dute. Antolakundea indargabetzeko estrategiaren barruan kokatu dituzte aipatutako isunak: “Zigor ekonomikoen bidez etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea”.

Askek salatu duenez, “euskal polizia saltzen diguten bitartean”, Ertzaintzak Madrilgo gobernutik diseinatutako Mozal Legeaz zigortzen ditu protesta eta mobilizazioak. Jazarpenen aurrean antolakundeak argi du ez dela “otzan eta isilik” geldituko.

Euskal Herriko txoko guztietara elkartasuna zabaltzeko deia luzatu dute: “Urriaren 5ean antolatuko dugun elkartasun egunean parte hartzera dei egiten dizuegu, baita eskualdez eskualde antolatuko direnetan ere”. Azkenik, antolakundeak Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan jarraituko duela azpimarratu dute, “153.600 arrazoi baino gehiago ditugu borrokan jarraitzeko”.