argia.eus
INPRIMATU
153.600 euroko isunei jarritako helegiteak ukatu dizkiotela salatu du Askek
  • 2023an Zaballako espetxean euskal presoen alde egindako martxarengatik ezarri zizkieten isunak. Helegiteen ezeztapenaren aurrean epaitegietara joko dutela adierazi du antolakundeak, eta Poliziaren inpunitatea salatu du.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 18a
Askek 2024ko Amnistia egunean egindako manifestazioa. Aske

2023ko abenduaren 23an Zaballan, Askek euskal presoen aldeko martxa antolatu zuen, eta 128 kideri 153.600 euroko isuna ezarri zieten orotara. Desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zien Ertzaintzak, Mozal Legea baliatuta. Astelehenean, isunei jarritako helegite administratiboak ukatu dizkietela salatu du antolakundeak.

Askeren iritziz ez da inongo sorpresarik izan. "Helegite hau onartzearen edo ezeztatzearen erabakia beste ertzain bati dagokio", salatu dute. Ertzaintzak, "elkartasuna etetea" eta mugimendua "ekonomikoki itotzea" izan du helburu hasiera-hasieratik, bere esanetan. Poliziak duen "inpunitatea" ere salatu dute: "Poliziak egiazkotasun printzipioa duenaren aitzakipean  haiek nahi dutena asmatu eta euren neurrira egindako isunak ezartzen dituzte", antolakundeak adierazi duenez.

Epaitegien bidea hartu eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoak aurketuko dituztela adierazi dute, eta bitartean "preso politikoei elkartasuna indartzen eta bidegabekeria hau kalean salatzen" jarraituko dutela. 

Errepresioari aurre egiteko sortu dituzten baliabideengatik ez balitz aurrera egitea ezinezkoa izango litzaiokeela azaldu du Askek, eta antolatzen ari diren elkartasun egunetan parte hartzeko deia zabaldu du. "Antolakuntzaren eta borrokaren hautuan" berretsi da antolakundea, eta "Euskal Herriko langile oro" gonbidatu dute haiekin batzera.