argia.eus
INPRIMATU
15.000 euro behar ditu Errekaleor Bizirikek diru-bilketa kanpaina amaitzeko
  • Dagoeneko, diru-bilketan zehaztutako %85 lortu dute. 400 baietz! lemapeko azken txanpan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Astebete falta da epea amaitzeko.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko uztailaren 17a
Errekaleorrekoek kanpaina aurkeztu zuten eguna. (Arg.: Arabako Alea) Errekaleorrekoek kanpaina aurkeztu zuten eguna. (Arg.: Arabako Alea)

Zehazki, 15.000 euro falta zaizkio ekimenari aurkeztutako proiektuaren gastuei aurre egin ahal izateko. Proiektu horren bidez, 500 eguzki plaka jarri nahi dituzte, etxebizitzetako eta gune komunetako beharrak asetu nahi dituzte.

Hala, auzo askeko bizilagunek eskerrak eman dute orain arte jaso duten laguntza eta ekarpenengatik, eta 400 baietz! lemapean sortutako azken txanpan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Modu horretan, "400 pertsona edo taldek 50 euro sartuz, astebeteren buruan helburu ekonomikoa beteko dugu".

Dagoeneko, diru-bilketa kanpainan zehaztutako 100.000 euroetatik %85 lortu dute. Diru-bilketaren webguneak erregistratzen dituen datuen arabera, 1.000 pertsona edo talde inguruk egin dute ekarpena internet helbide horren bidez, horietatik 397 arabarrak dira. Ekarpenen gehiengoa (768 pertsona edo talde) Euskal Herritik egindakoa da.

Albiste hau Arabako Alean argitaratu da eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra