Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Bilbon, haur pornografiako 1.500 irudi eta bideo baino gehiago gorde eta horiek zabaltzeaz akusatuta. Irailaren 21ean beste gizon bat atxilotu zuten Zarautzen.
Espainiako Poliziak 47 urteko gizon bat atxilo hartu du Bilbon, adingabeak "galbideratzea" egotzita, haur pornografiako 1.500 argazki eta bideo baino gehiago gordeta izateagatik eta eduki hori Internet bidez zabaltzeagatik. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak eman du jakitera atxiloketa.
Internet zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioa aztertuta heldu dira gizonezkoaren bizilekura, behin poliziek etxebizitza geolokalizatu eta erabiltzailea identifikatuta. IP helbidearen erabiltzailearen nortasuna baieztatutakoan, irailaren 26an jaso zuen Poliziak etxebizitzara sartu eta miatzeko epailearen baimena.
Susmagarriaren bi telefono mugikor aztertu zituen Espainiako Poliziak. Jakin ahal izan zuen 1.500 material pornografiko baino gehiago maneiatzen zituela.
Zarautzen atxilotu zuten beste gizon bat
Bilboko miaketa baino bost egun lehenago, irailaren 21ean, 67 urteko gizon bat atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Zarautzen. Gizonak eduki pedofiloko bideoak ezabatu zituen arren, deskargen plataforma mantentzen zuen oraindik, eta erantzukizuna berdin-berdin leporatu zioten.
Bi kasuen arteko loturarik ez du baztertu Espainiako Poliziaren ikerketak.