Egun bat gehiagorik ez lemari atxikiak, ehunka lagunek bat egin zuten Lapurdiko hiriburuko karriketan. Ion Parot, Unai Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Txistor preso lapurtarren baldintzapeko askatasuna eskatu zioten Macronen gobernuari ozenki.
Lau lapurtarrek 29 urte beteko dute laster Frantzia zein Espainiako espetxeetan. Manifestazioa Lauga kiroldegitik abiatu eta Errobi ibaiko Xaho kaian amaitu zen. Bagoaz-eko Emilie Martin eledunaren erranetan “euskal lau presoek euren zigorrak bete dituzte eta karrikan beharko lukete aspaldion”.
Oihana Parot eta Anaiz Funosas ere mintzatu ziren ekitaldiaren karietara. Euren erranetan, “Frantziako Gobernuak ez du aintzat hartu ETA desegin izana, ez desarmatzea ere. Nola gara daiteke hartara bake prozesua?”. Diotenez, Frantziako Justiziak ez baditu urrats horiek aintzat hartzen datozen asteetan, “borondate txarra” eta “mendeku nahia” begi-bistan segituko dute begi-bistan.
“Heriotza ziurrera kondenatuta nago. Gillotina ezarriko balidate baino makalago dator eta horrek are gaitzago bihurtzen du espetxealdia”
(Xistor Haranburu)
Ion Parot, Esnal eta Haranburu Frantziako espetxeetan daude, Unai Parot berriz Espainian. Egindako baldintzapeko askatasun eskaera guztiak atzera bota dituzte Frantziako nahiz Espainiako auzitegiek.
Frantziako espetxeetan dauden hiru presoen kasuan baldintzapeko askatasun eskerak eginak daude –Ion Parot, Esnal eta Haranburu; Unai Parot Espainian dago preso–, baina guztiak ezeztatu egin dizkiete.
Paroten familiak orain arte bizi izandakoak modu guztiz gupidagabez eta ankerrez islatzen du presoen egoera: senideek eta lagunek bi anaiak bisitatzeko 100 aldiz bira egin dute munduan: 73 aldiz Unai ikusteko (2.940.000 km) eta beste 23 Ion bisitatzeko (1.105.000 km).
Xistor Haranburuk Gara egunkarian gutun bidez adierazi berri duenez, “heriotza ziurrera kondenatua nago. Gillotina ezarriko balidate baino makalago datorki eta horrek are gaitzago bihurtzen du espetxealdia”.
Bagoaz kolektiboko kideek adierazi dutenez, aspaldi egin zioten dei Emmanuel Macroni: “Hiru presoen kommutazio eskatu zaio Errepublikako presidenteari, egoerari irtenbide bat eman liezaioke, eta zain gaude".