argia.eus
INPRIMATU
1.500 enpresa-batzordek baino gehiagok eman dio atxikimendua azaroaren 30eko grebari
  • Zaintza-zerbitzuen “pribatizazioa” salatuko dute. Euskal gehiengo sindikalaren babesa nabarmendu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta gaineratu du greba “historikoa” izango dela.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 23a
Azaroaren 30ean greba feminista orokorra izango da, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde. // Argazkia: EHko Mugimendu Feminista

Enpresa-batzordeen 1.500dik gora atxikimendu jaso dira azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako, Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi duenez. Aurtengoan zaintza eskubidea ipiniko dute erdigunean. Ekintza eta mobilizazio ugari egingo dira 100 udalerri baino gehiagotan, lau hiriburuetako manifestazio masiboez gain. Ondorengo sindikatuek babestu dute greba: ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGTk.

“Euskal gehiengo sindikalak lantoki guztietara eraman ditu grebaren aldarrikapenak, atxikimenduak jaso ditu, eta ehunka batzar egin eta egingo ditu datozen egunetan, arrazoiak azaltzeko eta langileak grebara deitzeko”, adierazi du Mugimendu Feministak.

Greba feminista orokorraren leloa Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde izango da. Emakumeak zein gizonak daude deituta; mugimenduko kideek adierazi dutenez, pertsona guztiei eragiten dielako zainketen krisiak. Hala ere, nabarmendu dute “gehien bat” emakumeek egiten duten eta “ikusezin” bihurtzen den lana dela.

Halaber, salatu dute zaintza zerbitzuen “pribatizazio eta azpikontratazioak” eragin dutela zainketa lanen “prekarizazioa”. Gaineratu dute Hego Euskal Herrian egoitzen “%10 bakarrik” kudeatzen dela modu publikoan: “Ez dugu zaintza-sistema publikorik, eta mendekotasuna duten pertsonei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez izateaz gain, enpresa pribatuen esku dago (Eulen, IMQ...). Enpresa horiek pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura”.

Sindikatu deitzaleekin batera nabarmendu dute aurtengoa “produkzio-eremutik haratago” doala. Greba “historikoa” izango dela adierazi dute Mugimendu Feministako kideek: “Azaroaren 30ean baino eragin handiagoa izango du gizartean eta politikan, eta jarraipena izango du datozen hilabeteetan”.