argia.eus
INPRIMATU
150 soldata aurreztu nahi ditu Tubacexek Aiaraldean
  • 10 milioi euro aurreztu nahi ditu guztira zuzendaritzak eskualdeko lantegietan, eta akordioa “azkar” itxi nahi du, urrirako. Sindikatuek nabarmendu dute ez dutela inolako kaleratzerik onartuko, eta “deslokalizazio saiakera baten konplize” ez izatea eskatu diete arduradun politikoei.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2020ko uztailaren 23a
Irmo azaldu da enpresa batzordea kaleratze mehatxuen aurrean (Argazkia: Aiaraldea)

Asteazken goizean bildu dira sindikatuak Tubacexeko zuzendaritzarekin. Oharra plazaratu du Enpresa Batzordeak bileraren ostean, bertan jazotakoa baloratzeko. Bilera informatiboa izan dela aipatu diote Batzordeko kideek Aiaraldea hedabideari. Bertan zuzendaritzak aipatu du 10 milioi aurreztu nahi dituela eskualdeko lantegietan, eta diru kopuru hori 150 soldataren gastuaren parekoa dela. Hau da, ez dute esan 150 langile kaleratu nahi dituztenik, 150 soldaten gastua aurreztu nahi dutela baizik (soldatak jaitsita ere lortu ahalko lukete eta). 

Asteazkeneko bileraren ostean irekiko da elkarrizketa fasea, baina zuzendaritzak sindikatuei esan die akordioa “azkar” lortu nahi dutela, urrirako alegia.

Langileen ordezkarien aburuz, bilera horretan “argi geratu da” zein den enpresaren helburua: “Dirua kosta ala kosta irabaztea, euren ahaleginarekin enpresari munduan kokatzea ahalbidetu dioten familia eta pertsonak axola gabe”. 

Sindikatuek nabarmendu dute Tubacex Aiaraldean jaio zela, eta eskualdean lortutako mozkinekin lortu duela multinazional bilakatzea. “Harritzekoa da sortzen den lehen aukeran eta mundu mailako krisi baten ostean enpresak langileen soldaten kostuaren diskurtso errazari heltzea. Interesgarria izango litzateke kostuaz gain beharginen fakturazioa ere kontuan hartzea, zuzendaritzak sortzen duen fakturazioa baino askoz altuagoa delako”. 

Enpresa Batzordearen arabera, zuzendaritza prest agertu da akordioak egiteko, “baina argi utzi dute dena nahi dutela”. Sindikatuek ziurtatu dute lan-hitzarmenean sinatutakoa beteko duela, eta gogorarazi dute hitzarmen horretan Laudio eta Amurrioko lantegietan inbertsio batzuk egingo zirela zehazten zela.

Ez dute kaleratzerik onartuko

Gauzak hala, irmo azaldu dira langileen ordezkariak, eta ziurtatu dute ez dutela “neurri traumatikorik” onartuko krisitik ateratzeko. “Ez dugu eskualdeko lantegietan kaleratzerik onartuko, ezta gure inguruan dauden Cotubes, Tubos mecánicos edota TTA bezalako enpresetan ere”.

Horrez gain, egin nahi duen berregituraketaren “argudiaketa eta azalpen argiagoa” eskatu diote zuzendaritzari. 

Arduradun politikoei deia

Bukatzeko, arduradun politikoengana zuzendu dira batzordeko kideak. “Gure herriko lanpostuak defendatzeko deia egiten diegu, neurri hauek aurrerantzean beste enpresa batzuetan ere jazoko direnaren diskurtso merkean erori gabe”, adierazi dute, Arantxa Tapiak asteartean eginiko adierazpenei erreferentzia eginez, “hori deslokalizaio argi baino argiago baten konplize izatea da”. Gainera, informazioa lehenbizi prentsan agertu izana ere gaitzetsi dute beharginek, “errespetu falta” dela nabarmenduta. 

Bukatzeko, zonaldeko lanpostuen defentsara batzeko deia luzatu diete “langileei, eragile sozial eta politikoei eta herritarrei”.

ELAren oharra

ELAk ere oharra plazaratu du lanpostu eta lan-baldintzen alde borrokatuko duela ziurtatzeko. Sindikatuak nabarmendu du Tubacexek milioiak irabazi dituela azken urteetan, eta koronabirusaren krisia baliatu nahi duela "mota guztietako murrizketak" egiteko. Horrez gain, Arantxa Tapiaren jarrera kritikatu du, Enpresa Batzordearen ildo beretik: "Euskal multinazionalaren asmoen berri izan zuenean ez zuen zuzendaritzarekiko hitz txarrik esan, ezta langileekiko elkartasun adierazpenik ere". Sailburua patronalaren alde lerrokatu dela uste du ELAk, beste behin ere. Gauzak hala, edozein murrizketa ekiditea exijitu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.