Migratzaileen aterpe gisa erabiltzen den Greziako hotel batean, 150 lagun koronabirusagatik kutsatu direla antzeman dute. Kostaldeko herria berrogeialdian jarri du Gobernuak.
Migrazioentzako Nazioarteko Erakundeak kudeatzen du hotela eta batez ere Afrika erdialdeko errefuxiatuak dira bertan daudenak. Pasa den igandean, hotelean dagoen eta ospitalera joan behar izan zuen emakume bati antzeman zioten koronabirusa, eta probak egin ostean, beste 147 migratzaile eta hoteleko bi langile kutsatuta daudela baieztatu dute.
Instalazioak desinfektatu dituzte eta hoteleko lagun guztiak berrogeialdian daude pasa den ostegunetik. Besteak beste, psikologoak, langile sozialak eta itzultzaileak bertaratu dituzte, egoeran laguntzeko. Gobernuak eta Porto Jeli herriko udalak erabakita, herri osoa sartu da berrogeialdian.
40.000 migratzaile Grezian
Grezian 40.000 inguru dira kanpalekuetan dauden migratzaileak eta kezka handia dago Moriako edo Lesboseko kanpalekuetan birusa sartuz gero, zer nolako ondorioak izan ditzakeen. Pilatuta eta baldintza oso txarretan bizi dira bertan errefuxiatuak.
Greziako Gobernuak iragarri duenez, Txinak 20.000 maskara eman dizkie dohaintzan; horietatik 5.000 Porto Jelira joango dira, kutsadurak eteteko asmoz. Gainerakoak, migratzaileak dituzten irletan banatuko dituzte.