argia.eus
INPRIMATU
15 kazeta lanek Herrialde Katalanetan isilean gordetako gaiak azaleratu dituzte
  • Langileak kaleratu dituzten etekin handiko enpresen zerrenda, homofobiaren gorakada, Bartzelonako auzo solidarioa, diktadura arabiarretan negozioak dituzten enpresak eta atxiloketetan eta komisaldegietan hildako 11 pertsonaren inguruko erreportajeak bildu dituzte Média.cat Urtekarian.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 03a

Grup de Periodistes Ramon Barnils eta Mèdia.cat hedabideen behatoki kritikoak eman dituzte argitara 15 artikuluak. 2012an, hedabide ohikoetan gutxi edo batere agertu ez diren gaiak jorratu dituzte artikulu marduletan. 10.000 milions de beneficis en plena crisi erreportajean adibidez, kontatzen da nola Herrialde Katalanetan 2010ean etekinik handienak izan zituzten 40 enpresek 10.969 milioi euro lortu zituzten, krisi garaian. Etekinak etekin, ia erdiek Lan Erreforma baliatu dute Enplegu Erregulazio Espedienteak egiteko azken bi urteotan. Soldatak jaistea eta langile kopuruak murriztea ziren helburua.

Nou ministres de Franco sobreviuen a Fraga izeneko erreportajean, Francoren ministro izandako bederatzi pertsonaren ibilbide politiko eta enpresariala egin dute. Bederatzi ministro horietatik zortzik heriotza kondenak ezarri ziren gobernu bileretan hartu zuten parte. Inork ez du damurik erakutsi Francoren alboan aritu izanagatik eta ez dituzte inoiz epaitu. Azken 30 urteotan kargu politikoak izan dituzte eta enpresa publiko eta pribatu handietako administrazio kontseiluetan egon dira.

Ikerketa kazetaritza lanak Herrialde Katalanetako hainbat unibertsitatek babestu ditu, eta batez ere, 434 mezenas txikiri esker egin ahal izan dira.