argia.eus
INPRIMATU
15 hildako eta 24 zauritu Pragako Unibertsitatean izandako tiroketan
  • Txekiako barne ministro Vit Rakusanek nabarmendu du krimenak ez duela loturarik "nazioarteko terrorismoarekin".

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 22a
Tiroketaren unea. // Pantaila-argazkia

Pragako Filosofiako Unibertsitatean izandako tiroketa batek 15 hildako eta 24 zauritu utzi ditu. Hildakoen artean dago 24 urteko erasotzailea. Poliziaburu Martin Vondrácek adierazi duenez, tiroketaren ondoren gizonak tiro batez hil zuen bere burua unibertsitateko korridorean, poliziak atzetik zituela.

Polizia sarraskiaren egilea ikertzen ari da. 24 urteko ikasle bat dela dela diote zantzuek, Europako Historian lizentziatua eta Historiako master bateko ikaslea. Tiroketa baino lehenago, gizonaren aita hilda agertu zen Hostoun herrian, Kladno eskualdean. Poliziak adierazi du hipotesi nagusia dela gizonak bere aita hil zuela unibertsitatera joan aurretik.

Txekiako barne ministro Vit Rakusanek adierazi du ez dagoela zantzurik tiroketa "nazioarteko terrorismoarekin" lotuta dagoela pentsatzeko. Horrelako beste kasu askotan gertatu bezala, agintariek egoera baliatu dute unibertsitatea gehiago militarizatzeko. Vit Rakusanek azpimarratu du beldurra nagusitu dela herritarrengan eta "errektoreek campusetako segurtasun neurriak indartzea eskatu dutela.