argia.eus
INPRIMATU
15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote martxoaren 8an Iruñean atxilotutako emakumeari
  • 2021eko martxoaren 8an Nafarroako Parlementuaren inguruetan egindako ekintza baten harira, istiluak jaso ziren feministen eta Poliziaren artean. Gertakariaren ondorioz, bi emakume zauritu egin ziren, eta horietako bat atxilo eraman zuten. Atxilotutakoari 15 hilebeteko espetxealdia eskatu dio Fiskaltzak.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 14a
Argazkia: Ahotsa.info

2021eko martxoaren 8an Nafarroako Parlamentuaren aldirietan jasotako liskarraren ondorioz, emakume bat atxilotu zuten. Berriki jaso duen jakinarazpenaren arabera, Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dio. Eskakizuna "gehiegizkoa" eta "injustua" dela salatzeko, ostegun arratsaldez elkarretaratzea egin zuen Iruñeko Mugimendu Feministak Parlamentuaren aurrean, "Errepresioari, autodefentsa feminista" lelopean.

Iazko martxoaren 8an mugimendu feministako zenbait kidek egindako ekintza baten harira jazo zen atxiloketa. Egun hartan, hainbat emakume Nafarroako Parlamentuko ateetara hurbildu ziren, ekintza feminista burutu asmoz; batzuek "Feministok dena aldatu, sistema arrakalatu" leloa zeraman pankarta zabaldu zuten, beste lau kide eraikinaren beheko solairuko leihoetako barroteetara kateatu bitartean. Foruzaingoa bertaratu zen, eta leihoetara lotutako kateak mozteaz gain, pankarta zeramatenak bultzatu zituen eraikinaren paretik igarotzen den errepidearen bestaldera eramateko, Naiz-ek jaso zuenez. Horren ondorioz, giroa tenkatu zen protestan ari zirenen eta Poliziaren artean, eta testuinguru horretan atxilotu zuten emakumea. Orain, hamabost hilebeteko espetxealdia eskatu dute bere aurka.

Izaskun Juarez Mugimendu Feministako kideak Euskalerria Irratiari eskainitako elkarrizketan jakinarazi duenez, atxilotutako kidea zauritu egin zen Poliziaren oldarraldiaren ondorioz, eta gaur gaurkoz egun hartako lesioak izaten jarraitzen du. Bigarren emakume bat ere zauritu zen gertakari haren harira.