argia.eus
INPRIMATU
1,5 eta 3 milioi euro arteko kostua izango du Bizkaiko Aldundiarentzat MTV sarien antolaketak
  • 2018ko azaroaren 4an, BEC nazioarteko musika komertzialaren gune nagusi bihurtuko da. Milioika jarraitzaile izan ohi ditu MTV telebista kateak urtero banatzen dituen Europako Musika Sarien galak, aurten Bizkaian izango da.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 23a

Bilbao Exibition Center izan da 2018ko MTV EMA sarien galarako aukeratutako agertokia. Pozarren aurkeztu zuten euskal agintariek munduko telebista kate nagusienetako batek harturiko erabakia. 2017an Londres hartu zuten sariketa berak, 2018an Bizkaiko hiriburua hartuko du astebetez.

Ez da gainera edonolako gala izango, urtero banatzen diren Europako Musikaren Sariek mende laurdena beteko baitute aurten. Beraz, aurreko urteetan egindakoa baino espektakulu handiagoa eta bereziagoa izango dela aurreikusten dute.

Horrelako ekitaldi handiek ordea, ikusgarritasunaz gain, gastu itzelak ere izan ohi dituzte. Astelehen gauean Radio Euskadiko Ganbara saioak atera zuen eztabaida mahai gainera, entzuleei galdera luzatuz: Espektakulu handiak erakartzeko justua al da diru publikoa erabiltzea?

Bizkaiko Aldundiak 1,5 eta 3 milioi euro artean ordainduko ditu Bilbao Exibition Center gunean egingo den ekitaldi horren truke. Bizkaiko Aldundiak berreskuratuko al du inbertitutako dirua? Horixe Ganbara saioak botatako bigarren galdera.

Eztabaida are gehiago ere zabaldu daiteke. Zer nolako kultura bultzatu edo finantzatu nahi da erakunde publikoetatik? Eta hiru milioi euroko inbertsioa gure kultura bultzatzeko erabiliko bagenu? MTVren eredua al da nahi duguna? Azaroaren 4aren aurretik eta ondoren ere izango da gaiaz zer eztabaidatu.