argia.eus
INPRIMATU
15-49 urte bitarteko emakumeen %27ak bikotekidearen indarkeria jasan izan du
  • Munduko Osasun Erakundeak egindako ikerketa batek 161 estatu eta eskualdeetako datuak jaso ditu. 15-19 urte arteko nerabeen %24 bizitzan noizbait bikotekidearengandik indarkeria jasan duela jaso dute, eta %28 30-39 urte arteko emakumeek. Daturik okerrenak errenta maila baxuko edo ertain-baxuko guneetan jaso dira.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 30a
Errenta maila baxuko eta ertain baxuko herrialdeak, bikotearengandiko indarkeria portzentai altuenak dituztenak. Argazkia: Wikipedia Commons

Munduko Osasun Erakundeak (WHO) Violence Against Women Prevalence Estimates txostena argitaratu du, 2000 eta 2018 urteen artean egindakoa munduko 161 estatu eta eskualdeetan. Inkesta eta azterketen “prebalentzia-datuen analisi batean” oinarritu dira, emakumeen aurkako bi indarkeria motari buruzko informazioa emateko: bikotekidearen –ezkontzaren, bizikidetzaren edo beste edozein batasun formal edo informalen testuingurua– partetik emakumeen aurkako indarkeria eta bikotekideak ez direnen partetik emakumeen aurkako indarkeria.

Bikotekidearen indarkeriari dagokionez 15-49 urte bitarteko pertsonetan, mundu mailan inkestatutakoen %27ak bere bizitzan noizbait jasan du indarkeria, eta azken hamabi hilabeteetan %13ak. 30-39 urte arteko emakumeen bizitzan noizbait bikotekidearengandik indarkeria jasan dutenak %28a da, WHOk jasotako grafikoaren arabera. Portzentai altuenak jaso dituzte Afrikan (%33), Asiako ekialdean (%33) eta Mediterraneoko ekialdean (%31). Bikotekidea ez den norbaitengandik jasotako indarkeriari dagokionez, inkestatutakoen %6ak jaso du bizitzan noizbait indarkeria. Portzentai handienak dituzte Amerikan (%11) eta errenta handiko herrialde eta eremuetan (%10).

Ozeaniak eta Saharaz hegoaldeko erdialdeko Afrikak, emakume nerabeen aurkako indarkeria daturik okerrenak

The Lancet Child & Adolescent Health aldizkariak egindako argitalpen batek emakume nerabeek jasotzen duten indarkeriari buruzko datuak bildu ditu. 15-19 urte arteko nerabeen %24ak bere bizitzan noizbait indarkeria jasan du bikotekidearengandik, eta %16ak azken hamabi hilabeteetan. Datuak estatu eta eskualdearen arabera ezberdinak direla aipatzen dute, eta jaso dute emakume nerabeen aurkako indarkeriaren portzentaia handiagoa izan zela errenta baxuko eta ertain-baxuko estatu eta eskualdeetan errenta altukoetan baino. Georgia eta Papua Ginea Berriaren adibideak eman dituzte. Georgian noizbait bikotekidearen indarkeria jaso dutenak %3a da, eta %49a Papua Ginea Berrian. Emakume nerabeentzat eremurik arriskutsuenak Ozeania (%47) eta Saharaz hegoaldeko erdialdeko Afrika ( %40) direla jaso du eldiario.es komunikabideak, eta seguruenak erdialdeko Europa (%10) eta erdialdeko Asia (%11). “Bigarren hezkuntzako emakumeen matrikulazio-tasa handienak dituzten herrialdeek eta genero-berdintasunik handiena duten oinordetza-legeak dituztenek, bikotekidearen partetik emakumeen aurka indarkeria txikiagoa dago”, jaso dute aldizkariaren webgunean.

Egoera hobetzeko proposamenak jaso ditu aldizkariak, eta azpimarratu dute sexuen arteko berdintasuna areagotu eta bermatuko duten “politikak eta programak sustatzeko eta bermatzeko beharra”. Hori dela eta, jasotzen du estatuek arlo zehatz batzuetan ahaleginak egin beharko lituzketela: emakume guztiei bigarren mailako hezkuntza ematea, emakumeentzako jabetza-eskubideen berdintasuna bermatzea, genero-arloko arau diskriminatzaileak ezabatzea, eta haur-ezkontza bezalako praktika kaltegarriak alde batera uztea.