Ostiralean hasi da Euskaraldia, euskaldunen hizkuntza ohituretan aldaketa eragin nahi duen ariketa erraldoia. 116.000 ahobizik eta 31.000 belarriprestek eman dute izena dagoeneko, baina oraindik zabalik dago izena emateko epea
Ostiraletik aurrera Euskal Herriko kaleetan milaka pertsona ibiliko dira, euren egunerokotasunean hara eta hona, soinean Euskaraldiaren txapa jantzita. Izan ere, gaur hasi da Euskaraldia, euskaldunen hizkuntza ohituretan aldaketa eragin nahi duen ariketa erraldoia. Helburua hurbileko harreman sareetan hizkuntza ohiturak aldatzea da; hau da, euskaraz hitz egitea. Txapek adieraziko du norbanakoaren rola: Ahobizi (euskaraz dakitenak eta euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu dutenak) edo Belarriprest (euskara ulertzen dutenak, nahiz hitz egitea gehiago kostatzen zaien, eta euren gaitasunaren arabera erabakiko dutenak euskaraz noiz eta norekin hitz egin. Hori bai, euskara dakitenek eurei euskaraz zuzentzea eskatzen dute).
Izena emateak zabalik jarraitzen du
Aurten 147.000 pertsonak eman dute izena Euskaraldian, 116.000 Ahobizik eta 31.000 Belarriprestek. Duela bi urteko Euskaraldian 225.000 pertsonak eman zuten izena ariketa honetan, baina egoera erabat ezberdina zen, pandemia tarteko. Gainera, 2018an izena eman zuten askok uste dute aurtengoan ez zutela izena eman beharrik, automatikoki ariketaren parte zirela. Baina hori ez da horrela, eta guztia kontuan hartuta antolakuntzak izena emateko epea luzatu du eta oraindik ere Euskaraldian izena eman daiteke, euskaraldia.eus web gunean edo herriz herri osatu diren Euskaraldia taldeetan.
Aurtengo berritasun nagusia ariguneak dira, euskaraz hitz egin ahal izateko gune babestuak. 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, tartean Guaixe fundazioa. Edozein hiztunek arigune hauetan euskaraz aritzeko aukera duela badaki.
Beraz, txapa jantzi eta hasi mingaina euskaraz dantzan. Leloak dioen bezala, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.