argia.eus
INPRIMATU
146.000 euro ordainduko ditu Gasteizko Udalak kaleko pintaketak saihesteko
  • Grafitigileak identifikatzea da Gasteizko Udalaren helburua. Horretarako, grafologiaz baliatzen den Orion Analistas enpresa kontratatu du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 23a

Duela bost hilabete argitara atera ziren Gasteizko udalaren asmoak, orain, ordea, gauzatu egin ditu. 146.000 euro ordainduko dizkio Udalak Orion Analistas enpresari, grafitigileak identifika ditzan, Aleak jakinarazi duenez. Enpresa hiriko kaleetan baimenik gabeko pintaketak kentzeko helburuarekin kontratatu duela adierazi du Udalak.

Enpresak ikerketak abiatu eta txostenak egiten ditu. Ez du zertan pintaketa momentuan egiten harrapatu, analisi grafologikoez baliatzen baita pintaketak egiten dituzten pertsonak identifikatzeko.

Gainera, lanpostu batera beren burua aurkezten duten lagunen inguruko ikerketa zirkulua egiteko aukera eskaintzen du. Esaterako, hautagaien sare sozialak arakatuta haren inguruko txosten psikologikoa egiten du, besteak beste grafologian oinarrituta. Bide beretik, hautagaien “profila antzemateko” lan egiten du, ea taldean lan egiteko gaitasuna duen, zintzoa den...