Werten erreformaren aurkako sinadura bilketa hasi du Oriol Franch bartzelonarrak Change.org plataformaren bitartez eta 145.000 baino gehiago lortu dituzte bi asteetan. Villaweb agerkari digitalak adierazi du Franchek asteazken honetan eramango diola manifestua Espainiako hezkuntza ministroari.
Jose Ignacio Wert bihar elkartuko da kontseilari autonomikoekin hezkuntzan egingo duten erreformaz hitz egiteko, egunkari katalanak adierazi duenez. Egun hori aukeratu du Franchek bildutako sinadura guztiak ministroari aurkezteko.
Bartzelonarrak erreformarekin bat ez datorrela dio, hizkuntza eta kultura katalana “arriskuan” jartzen dituela. Era berean katalanak inoiz ez duela gatazkarik sortu adierazi du, “arlo askotan hizkuntza nagusia delako”. Manifestu hau 145.000 heritarrek baino gehiagok babestu dute.
Erreformaren aurkako lau arrazoi
Katalanari ez ezik, hizkuntza gutxitu guztiei eragingo die erreformak, euskarari barne. Werten erabakia hizkuntzarentzat “erasoa” dela azaldu du Franchek. Bere ustez, hainbat ondorio izango ditu:
- Irakasgai “espezifikoak”, “enborrekoak” eta “espezialitatekoak” bereiziko ditu. Hizkuntza koofiziala “espezialitatekoa” bihurtuko litzateke, gaztelania eta atzerriko bi hizkuntzen atzetik.
- DBHk ere irakasgaiak horrela banatuko lituzke. Hortaz, DBH titulua lortzeko ez litzateke beharrezkoa izango hizkuntza koofizialaren azterketa egitea.
- Hizkuntza koofizialak eta gaztelerak irakurketa orduen araberako “oreka” izan beharko dute.
- Gurasoek ezingo dute hizkuntza nagusia zein izatea nahi duten erabaki.