argia.eus
INPRIMATU
1.450 euroko zigorra jarri dio udalak Gasteizko Martxoaren 8ko asanbladari

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 16a

Gasteizko Mugimendu Feministak salatu duenez, Gasteizko Martxoaren 8ko asanblada 1.450 eurorekin zigortu du udalak. Hori dela eta, idatzi hau zabaldu du hedabideetara:

"Gasteizko Udalak isuna jarri dio M8ko asanbladan parte hartu duen eragile bati, Gasteizko Bilgune Feministari hain zuzen, greba feministara deitzen zuten 13 kartel jartzeagatik. Isuna, martxoaren 13an iritsi zitzaion eragile honi, guztira 750 euro ordaintzera behartuz. Euskal Herriko txoko ezberdinetan ikusi diren kartel berdinak izan dira hauek, Euskal Herriko Mugimendu Feministak sinatutakoak. Are gehiago, Gasteizko Udaletxeko bulegoetan ikusi ditugun kartelak dira.

Hau ez da Gasteizko M8ko asanbladak jaso duen isun bakarra, beste bi parte-hartzaile ere zigortuak izan dira greba eguna zabaltzeagatik. Finean, 700 euroko zigor ekonomikoa ezarri die Udalak.

Hortaz, Gasteizko Mugimendu Feministatik honakoa salatzen dugu:

- Hemendik aurrera Gasteizko Udalak mugimendua bera isundu edota zigortuko balu salatzen jarraituko dugula.

- Udalaren kontraesanak agerian utzi nahi ditugu, izan ere, mugimendu feministaren lana aitortzea helburu zuten berberek kriminalizatu gaituzte beste behin ere [udaletxeko webgunearen mezu hauek jarri dituzte adibidetzat].

- Feminismoa argi mediatikotik at geratzen den momentuan, Gasteizko Udalak mugimendua bera zigortzen duela salatu nahi dugu. Honen aurrean azalpenak exijitzen dizkiogu Udalari".