Kartzelaratze zigorra sahiesteko 14.400 euroko isuna ordaindu beharko du Julio Villanueva AHTren aurkako ekintzaileak. 2011n Nafarroako presidente zen Yolanda Barcinari emandako tartakadagatik dator auzia.
Villanuevak ARGIAri adierazi dionez, AHTren oposizioaren aurkako kriminalizazioan urrats bat gehiago da azken hau: “Jasan ditugun zigorrekin, jende asko dago aurrekari penalekin. Itotze ekonomiko ikaragarri honekin jendea jokoz kanpo uztea lortu nahi dute”.
Mugitu! mugimenduak eta AHTren aurkako tartalarien sostengu taldeak gogorarazi dute, gainera, Villanuevaren kartzela kondena ez eteteko darabilten zigor aurrekaria Urbinako gertaerak direla. AHTren aurkako mobilizazio hartan, Ertzaintza gogor oldartu zen jendearen aurka, eta zortzi pertsona atxilotu zituen, Villanueva barne.
Isunari aurre egiteko udan ekimen txikiak aurrikusten badituzte ere, udazkenean kanpaina zabalago bat abiatuko dutela jakinarazi dute. Oraingoz, sostengu ekonomikoa eman nahi duenarentzat kontu korronte bat zabaldu dute: 3035.0068.08.0680058591 Basagure taldea (Laboral Kutxa).
2013ko urte bukaeran izan ziren epaituak Mugitu! mugimenduko lau tartalariak. Bi urteko kartzela zigorra eskatzen zieten haietako hiruri, eta urtebetekoa bati, 900 eta 300 euroko isunez gain.
Isunak eta epaiketen kostuak ordaindu ondoren, lau auzipetuen zigorren etetea eskatu zuten defentsako abokatuek. Zigortuetako hirurentzat onartu bazuten ere, laugarrenari, Julio Villanuevari, ukatu egin zioten, eta berehalako kartzela zigorra agindu zuten.
Abokatuek kartzelaratze agindua isunarengatik ordezkatzeko eskaera egin zuten orduan. Urte batetik gorako kartzela zigorrak isunengatik ordezkatzea ohikoa izan ez arren, Villanuevari eskaera onartu diote, diru kopuru oso handiaren truke, ordea: 14.400 euro.
Villanuevaren ustez, egoera "oso delikatua" izan zitekeelako ordeztu diote kartzela zigorra isunarengatik: “Aurrekaririk gabeko gertaera izango litzateke, mundu osoan ez baitute inor sartu kartzelan horrelako zerbaitengatik. Salbuespeneko neurria hartu dute, nire ustez, ‘patata beroa’ beraiengandik aldentzeko”.
2011ko ekintzaren bideoa hemen: