Bonbardaketarik tragikoena larunbatean burutu zuen Israelgo Armadak, desplazatuen ehunka dendaren aurka, Al Mawasin, Gazako hegoaldean. Israelgo Armadak "eremu humanitario seguru" izendatu zuen eremu hori. Gutxienez 90 pertsona hil eta 300 zauritu zituen bost misil eta beste horrenbeste bonba erabilita. Lekukoek esan zutenez, dendak erre egin ziren, eta gorpuak alde guztietan etzanda geratu ziren zatituta. Zaurituak Al Nasser osasun-zentrora eraman zituzten, baina horrenbeste zauritu zeudenez guztiak artatzeko gaitasunik gabe gelditu zen.
Erasoa Al Qasam brigadetako burua Mohammed Deifen eta Khan Youniseko komandante Rafa Salamaren aurkakoa zela esanez justifikatu zuen Israelek, "urriaren 7ko sarraskiaren bi buru" zirela egotzita.
Armadak igandean ziurtatu zuen Salama hil zuela. Deifen kasuan berriz, larunbatean, Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak onartu zuen ez zegoela argi Hamasek kudeatutako gune itxi batean izandako bonbardaketan hil ote zen. Armadaren arabera, "ez zegoen zibilik eta biktima gehienak terroristak ziren".
Ohar batean, Hamasek nabarmendu du "Netanyahuk eta bere gobernuak gure herria inoiz ez bezalako krimen maila honekin menderatzeko egindako saiakerek porrot egingo dutela". Hala ere, ukatu egin du su-etenerako elkarrizketak bertan behera geratu direnik. Jihad Taha bozeramaileak esan duenez, "ez dago zalantzarik sarraski izugarriek negoziazioetako edozein ahalegini eragingo diotela", baina "bitartekariek ahaleginak eta bi egiten jarraitzen dute oraindik".
Israelen erasoa Abu Oreiban eskolaren aurka
Igandean, UNRWAren Abu Oreiban eskolan, Nuseirat errefuxiatu-esparruan, ehunka barne-desplazatu hartzen dituen guneari eraso egin zion Israelek. Bizirik atera zirenek azaldu zutenez, bi misilek eskolako goiko solairua jo zuten, eta, ondorioz, gutxienez hamazazpi pertsona hil ziren eta 80 bat zauritu.
Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ehunka pertsona ikusten dira korrika eskolako patiotik, batzuk zaurituak daramatzatela. Baita dozenaka zibil hondakinen artean harrapatuta geratu ziren pertsonak lurpetik ateratzen saiatzen.
Armadak hezkuntza-azpiegitura baten aurkako bonbardaketa hori justifikatu zuen, "ezkutaleku eta operazio-azpiegitura gisa" balio zuela eta hortik "indar armatuen aurkako erasoak egin zirela". Zibilak zauritzeko arriskua "arintzen" saiatu zela esan zuen.
Hala ere, UNRWAko hedabideen aholkulari Adnan Abu Hasnak, ziurtatu zuen "inork" ez ziela deitu "eskolan milizianoak zeudela jakinaraziz", eta gogorarazi zuen 550 pertsona inguru hil direla antzeko erasoetan.