Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.
Ikastolak agerraldian azaldu duenez, joan den ikasturtean lehen aldiz zaurgarritasun indizea zehaztu eta baremaziorako irizpide berriak ezarri zituen Hezkuntza Sailak, Hezkuntza Lege berriaren ondorioz. Ordura arteko plangintzaren arabera, hiru gela lituzke esleituta ikastolak HH2 mailan, baina hirutik bira murriztu zion esleipena Jaurlaritzak, nahiz eta herrian aurreko ikasturtean baino hogei ume gehiago zeuden. Jaurlaritzari hiru gela eskatu zizkioten, eta ezetz erantzun zien. “Ikasturte batetik bestera herrian hogei haur gehiago egoteak ez dio Jaurlaritzaren irizpideari eragiten?”, kritikatu dute ikastolatik.
50 ikasleko muga izanik, 55 familiak hautatu zuten ikastola, “eta une horretatik aurrera, erreklamazio eta alegazio segida amaiezin bati eman zitzaion hasiera”. 2022ko agindua gogora ekarri du ikastolak: behin betiko ikasleen kopurua egokitu eta doituko dela dio aginduak, ikastetxea lehen aukera gisa aukeratu dutenen eskaera kopuru guztiaren arabera. “Zergatik ez da gure kasuan zenbaki hori egokitu eta doitu?”.
Ateak zabalik
Kontuak kontu, “proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea” eta, hortaz, familia horiek ikastolan mantentzea erabaki zuen Salbatore Mitxelenako hezkuntza komunitateak. Ikasturte honetan berdin gertatu da eta, kasu honetan, 58 familiak hautatu dute ikastola. Kontatu dute Hezkuntza Sailak ikuskaritza “gogorrak” egin dituela, horren ondorioz ekonomikoki zigortu dituela eta negoziazioetan familiak ikastolan mantentzea lortu dutela.
Isunari aurre egiteko hainbat ekintza jarriko dituzte martxan. Besteak beste, diru-ekarpen boluntarioak egiteko kontu korrontea ireki dute: ES73 2095 5212 1091 2486 7983.
Aurrera begira, ezarri dioten matrikulazio mugarekin arazoa errepikatu daitekeela aurreikusten du ikastolak, eta “etorkizuneko ikastola nabarmen ahultzen” duela.