argia.eus
INPRIMATU
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta
  • Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari diren sarraskia salatzeko. Ertzaintzak gogor egin zuen manifestarien kontra.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko otsailaren 06a

Asteazken honetan, otsailaren 7an, pertsona batek deklaratu beharko du Donostiako (Gipuzkoa) epaitegian, Palestinako herriarekin elkartasunez egindako mobilizazio bati lotuta. Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi duenez, altua izan daiteke auzipetuaren kontra eskaturiko zigor ekonomikoa: gutxienez 14.000 eurokoa.

Epaitegian deklaratzeko saioa dela-eta, kontzentrazio bat antolatu du GKSk. Gaztea deklaratzera deituta dagoen egunean, asteazkenean, epaitegi aurrera bertaratzera deitu dute, goizeko 11:30erako. Babesa emango diote auzipetutako kideari, eta errepresioaren kontra eta askatasun politikoen defentsan bilduko dira.

Azaroaren 3an Donostian egindako mobilizazio baten harira auzipetu zuten gaztea. Egun horretan, GKSk deituta, protesta bat izan zen PSOE alderdiaren egoitza aurrean: palestinar herriari elkartasuna adierazi zioten eta Israelgo entitate sionista palestinarren kontra egiten ari den genozidioa salatu zuten, baita Espainiako Gobernua seinalatu ere, sionisten konplize modura.

Ertzaintzak babestu zuen PSOEren egoitza, eta gogor oldartu zen manifestarien kontra: euren kontra jo zuten ertzainek, gomazko pilotak zein borrak erabilita, eta hainbat pertsona zauritu zituzten.