argia.eus
INPRIMATU
1.400 euroko isuna eskatu du fiskaltzak Bilboko Hontzak konpartsako kide baten kontra, “Vatikanoko harategia” erakusten zuen txosnagatik
  • Jesukristoren gurutzeko irudia harategiko produktuen alboan jarri zuen Hontzak konpartsak 2017ko Bilboko Aste Nagusian. Bilboko apezpikuak, Falange Vasco-Navarrako buruak eta Andaluzian bizi den pertsona batek haien kontrako salaketa jarri zuten.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 19a
Iazko Bilboko Aste Nagusian Hontzak konpartsaren txosnaren dekorazioak eskuin muturra sutu zuen.

“Har ezazue eta jan, nire gorputza da eta” zioen Jesukristoren irudiaren goian zegoen leloak. Iazko Bilboko Aste Nagusian, Bilboko Hontzak konpartsak “Vatikanoko harategia” irudikatu zuen bere txosnan. Gurutzeko irudiaren alboan, harategiko produktuen irudiak zeuden zintzilik. Hori ikusita, Bilboko apezpikuak salaketa ezarri eta Ertzaintza joan zen txosnara epailearen aginduz, irudiok kentzera.

Apezpikuaz gain, Falange Vasco-Navarrako burua den Jose Ignacio Irustak ere salaketa jarri zuen, Hontzak konpartsak jakitera eman duenez. Baita Andaluzian bizi den emakumezko batek ere. Fiskaltzak 1.400 euroko isuna eskatzen dio konpartsari, “sentimendu erlijiosoen aurkako ekintza” leporatuta. Akusatuaren aburuz “barregarria eta lotsagarria” da horrelako gai bat auziperatzea, eta adierazpen askatasuna urratu dela adierazi du.

Auzia, epaiaren zain

Adierazpen askatasuna urratzen den beste kasu bat da hau. Borja Irizar akusatuaren abokatuak adierazi duenez, “XXI. mendean egon arren, horrelako gaietan aurrerantz jo beharrean, atzerantz goaz”. Dena dela, elizaren aurkako ekintza izanik, botereari umorerik ezin zaiola egin argi geratu dela esan du Irizarrek. Epaiaren zain geratu da kasua.