argia.eus
INPRIMATU
140 hektarea baino gehiago erre dituzte bi sutek Araban
  • Astelehen arratsaldean piztutako bi suteak kontrolpean zituzten gaualderako. Gasteizko Mendoza kontzejuaren inguruan piztutako suteak 40 bat hektarea erre ditu. Garaion piztutakoak berriz, 100 hektarea baino gehiago kaltetu ditu.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a
Argazkia: Arabako Foru Suhiltzaileak

Alean azaldu dutenez, uzta biltzeko makina baten eraginez piztu da sutea Mendozan. Aurreko egunean ere, igandean, makina horietako baten txinpartak sutea eragin zuen Taravero inguruan, Trebiñun. Mendozako sutea Iruña Oka ingurura hedatu zen eta suhiltzaileak nekazariekin elkarlanean aritu ziren suari aurre egiten.

Garaion piztutako sutea handiagoa izan da eta bertako parkean zeuden ehunka pertsona desalojatu behar izan dituzte. Ehun hektarea baino gehiago erreta, kontrolpean izatea lortu dute gaualderako.