Gaurko Espainiako Ministro Kontseiluaren ostean azaldu dituzte apirilaren 27tik aurrera indarrean jarriko diren haurrentzako konfinamenduaren baldintza berriak: heldu batekin lagunduta, erosketak egitera, bankura edo farmaziara joateko aukera izango dute.
14 urtetik beherako haurrek helduak laguntzeko aukera izango dute, besteak beste, "erosketak egin ala farmaziara joateko". Hala iragarri du Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak gaurko prentsaurrekoan. "Irteera kontrolatua izatea" da asmoa.
"Badakigu lasaitasun partziala dela. Haur gehienak etxean egon dira, kutsatuta egoteko probabilitatea oso txikia da. Irteera kontrolatua izatea proposatzen dugu eta gurasoen erantzukizuna eskatzen dugu", gaineratu du Monterok. "Haurrak gurasoekin atera ahal izango dira aurretik gurasoek egiteko aukera zuten zereginetan. Orain, adingabearekin egin ahal izango dituzte. Ez dago denbora-mugarik. Adingabeak helduarekin edo egunerokoan bizi den pertsonarekin joan behar du".
Haurren konfinamendua arinduko zutela adierazi zuen Pedro Sanchezek duela bi egun. Horretaz galdetuta, orduan esandakoa eta gaurko neurriaren artean kontraesanik ez dagola esan du Monterok.
Haurrak patinetez edo bizikletaz joateko aukerari dagokionez, bozeramaileak esan du ez dagoela "aholkatuta", baina onartu du ez dela gauza bera "urtebeteko" edo "hamahiru urtetik beherako" haur bat. Monterok ez du argitu adingabeek maskarak eraman beharko dituzten ala ez, eta onartu du "zaila" izan daitekeela maskarak behar bezalako segurtasun neurriekin eramatea.
Salbuespena Europan
Europako gainerako estatuek eta hainbat nazioarteko osasun, pediatria eta psikologia erakundeek gomendatzen dutenari entzungor egin dio Pedro Sánchezen gobernuak, Eta hala, Espainiako Gobernuak haurrentzat ezarritakoek Europako neurririk gogorrenak izaten jarraituko dute. Alemania, Franzia, Erresuma Batua, Suitza, Austria, Italia eta Europako beste zenbait estatuk neurrietan jasota dute haurrak aire zabalera ateratzea.