argia.eus
INPRIMATU
13/13 prozedura juridikoa irregulartasunez josia dagoela salatu dute defentsek
  • Auzipetuetako batzuk atxiloaldian torturatuak izan zirela, CNIk legez kanpoko entzuketak egin zituela edo zenbait inputatu ustezko delitu berberagatik bigarren aldiz zigortu nahi dituztela salatu dute, besteak beste. Akordioa bilatzen ari dira defentsak, eta epaiketa egitekotan frogak baliogabetzea eskatuko dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 10a
2010eko polizia operazioan tentsio uneak izan ziren Guardia Zibilaren eta atxilotuei elkartasuna adieraztera hurbildu ziren herritarren artean. Irudia: eitb.eus.

13/13 sumarioan auzipetuta dauden zortzi pertsonen abokatuetako hiruk prentsaurrekoa eman dute astelehen goizean, epaiketa eta prozedura ikuspuntu juridikotik baloratzeko. Jone Goirizelaia, Alfonso Zenon eta Aiert Larrarteren esanetan, prozedura “irregulartasunez” eta “eskubide urraketaz” betea dago. Horietako batzuk aletu dituzte.

Batetik, abokatuek salatu dute atxilotuetako batzuk torturatuak izan zirela. Gogorarazi dute 2010ean burututako polizia operazioan guardia zibil batek txosten bat utzi zuela ahaztuta atxilotutako baten etxean, eta bertan atxilotuei eman beharreko tratu ezberdina zehazten zela: “Abokatuei, tratu bikaina; gainontzekoei, inputazio judiziala berresteko adierazpenak lortzera bideratutako tratua”. 2010ean salatutako torturak egiazkotzat eman dituzte forentseen txostenek, eta baita Eusko Jaurlaritzak ere, Paco Etxeberriak zuzendu zuen ikerketaren bitartez. Gogorarazi dute, halaber, egungo Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Marlaska izan zela polizia operazio horretan instrukzio epailea.

Polizia operazioaren aurretik Espainiako zerbitzu sekretuek legez kanpoko entzuketak egin zizkieten auzipetuei, abokatuen esanetan. Eta operazioaren barnean Bilbon eta Hernanin abokatuen bulegoetan egindako miaketetan “sekretu profesionala” urratu zela iritzi diote: “Erregistro irregularrak eta baliogabeak izan ziren”. Azkenik, auzipetu batzuk delitu beragatik bigarren aldiz zigortu nahi dituztela salatu dute defentsek, non bis in idem oinarrizko printzipio juridikoa urratuko lukeena: “Zortzitik lau jada zigortuak izan dira euskal preso politikoei babesa eta laguntza emateagatik, eta horietako hiru 2019an epaitu zituzten Herriraren aurkako auzian; eta denek bete dute zigorra. Berriro epaitu nahi dituzte froga, dokumentu eta txosten berekin”.

Akordioa edo frogen baliogabetzea

Akordioa bilatzen ari zirela adierazi zuten auzipetuek iragan astean eginiko agerraldian. Abokatuek asmo hori berretsi dute, “saiatzen ari gara”, baina momentuz ez dagoela horrelakorik argitu dute. Epaiketa egitekotan, eta aurreko irregulartasun guztietan oinarrituz, akusazioen txostenak eta frogak baliogabetzea eskatuko dutela aurreratu dute.

Ángela Murillo epaile, José Perals fiskal

Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 4. aretoak zuzenduko luke. Epaimahai buru Ángela Murillo litzateke, besteak beste Bateragune auzia epaitu zuena, eta José Perals litzateke fiskala, Altsasuko auzian fiskal izanagatik ezaguna.