argia.eus
INPRIMATU
Aurreko urtean baino %13 gehiago
6.143 indarkeria matxista kasu erregistratu dira 2022an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan
  • Urteko delinkuentzia kasuen txostena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 6.143 kasu zenbatu dituzte indarkeria matxistarekin zerikusia dutenak, gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasandakoak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 14a

Indarkeria matxista kasuek %13,13 egin dute gora Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2022an, Poliziak erregistratutako datuen arabera. Guztira, 6.143 kasu zenbatu dituzte 2022an. Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2022ko Azterketa izeneko txostenean bildu dituzte datuok. Bertan Ertzaintzak eta udaltzaingoek zenbatutako arau-hauste penalak argitaratu dituzte, 15.000 biztanletik gorako herrietan.

Indarkeria matxistari lotutako kasu gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasandakoak izan dira, 4.507. Horren ondoren dago etxeko indarkeria, 1.116 kasurekin, txostenak "familiarteko baten edo bikotekidea ez den bizikide baten indarkeria" gisa klasifikatzen duena. Azkenik, sexu-askatasunaren aurkako delituak daude, 520 kasu; hots, aurreko kategorietatik kanpoko egile baten aldetik jasandako indarkeria sexuala.

Azken indarkeria mota hori izan da gehien hazi dena. 2019ko datuekin alderatuta, hau da, pandemia aurreko urtearekin, %23 hazi dira sexu-askatasunaren aurkako delituak. Genero indarkeria %10 hazi da ordutik, eta etxekoa %11.

Bestelako delitu gehienak, jabetzaren aurkakoak

Txostenak delitu mota guztiak bildu ditu. Gehien egin diren delitu motak jabetzaren aurkako delituak dira (%62), batez ere lapurretak. Horren ondotik datoz ziberriruzurrak (%13), pertsonen aurkako erasoak (%10), segurtasun kolektiboaren aurkakoak (%5) eta "beste batzuk" gisa definitu dituztenak (%8).

Teknologia berriak erabiliz egindako delituak %41 igo dira 2019az geroztik, eta delitu presentzialak %6. Hala ere, delitu presentzialak dira gehiengoa oraindik ere, %85.