13/13 sumarioan auzipetutako lagunen hurbilekoek eta zenbait eragile sozial, sindikal eta politikok, larunbatean Bilbon eta Donostian deitutako manifestazioetan parte hartzera dei egin dute. "Guk argi dugu nolako Euskal Herria nahi dugun, baina Auzitegi Nazionalak kontrako bidea hartzea erabaki du", adierazi du Ana Perez bozeramaileak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak, akusatuetako lauri –Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri– jarri dizkie espetxe zigorrak, zazpi urte eta erdi eta hiru urte bitartekoak, ETAko kide izatea leporatuta.
Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko agerraldian, euren hurbilekoek eta eragileek babesa agertu diete, eta salatu dute auzia "krudelkeria kate luze bat" izan dela, bai akusatuentzat, baita haien senide eta lagunentzat ere. Gaineratu dute epaiaren helburua ez dela soilik auzipetuak zigortzea, "bakearen eta elkarbizitzaren alde egin duen euskal gizarte osoa zigortzea baizik". Hargatik, larunbatean egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 17:30etan abiatuko dira Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Sagues auzotik.