Uztailaren 10erako manifestazioak antolatu dituzte Bilbon eta Donostian, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Auzipetuek Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal nagusiekin bilerak egin dituzte azken asteetan.
13/13 makroepaiketan auzipetutako herritarrek agerraldia egin dute astelehen goizean Bilbon. Azken asteetan EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiekin, ELA, LAB eta UGT sindikatuekin eta EAEko Arartekoarekin bildu dira auzipetuak, eta hitzordu gehiago izango dituztela iragarri dute.
Bileretatik bi ondorio azpimarratu dituzte: batetik, gainontzeko eragileek ikusi dutela epaiketaren oinarrian dauden eskubide urraketak; bestetik, inork ez zuela “imajinatuko" Aieteko konferentziatik 10 urtera horrelako egoerak gertatzen jarraituko zutenik. Uztailaren 12an Madrilgo Auzitegi Nazionalean hastekoa den epaiketak “iraganeko” logika bati erantzuten diola eta “gainditutako egoera batera” itzultzea dela helarazi dietela adierazi du auzipetuen bozeramaile lanetan aritu den Julen Zelarainek.
Manifestazioak
Epaiketa hasi baino bi egun lehenagorako, uztailaren hamarrean, Bilbon eta Donostian manifestazioak antolatu dituzte auzipetuek, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Auzipetuen herrietan bestelako mobilizazioak egin dira azken asteetan.
Fiskaltzak 7 eta 19 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu 13/13 sumarioko zortzi inputatuentzat, ETArekin kolaboratzea edo integrazioa leporatuta. Epaiketa denboraz kanpo dagoela eta zauriak ixteko garaia dela aldarrikatu zuten auzipetuek, maiatzean epaiketaren berri eman zutenean.