argia.eus
INPRIMATU
130 lagun hil ditu Estatu Islamikoak Bagdaden
  • Igande goizean Bagdad erdialdeko merkatalgune batean lehergailuz beteriko autoa leherrarazi zuen atentatugile suizida batek. 131 hildako eta 200 zauritu izan dira eta Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 04a
Estatu Islamikoak 130 lagun hil ditu Bagdaden. (Argazkia: Al Jazeera)

Karada auzoan izan zen atentatua. Bizilagun gehienak xiitak dira auzo horretan. Ramadana bukatzear dago eta jende asko zebilen merkatalgunean. Inguruko eraikinak ere suntsituta geratu dira.

Bagdadeko herritarren haserrea areagotzen ari da. Gobernuak segurtasun lanetan huts egin duela iritzi dute eta Karadatik irtenda Haider al-Abadi Lehen Ministroaren etxeraino manifestazioa egin zen atentatuaren ondoren.

Erasotutako eremuan izan zen Abadi goizean, hura gaitzetsi eta hiru dolu-egun izendatzeko. Hala ere, Al Jazeerak azaldu duenez txistuka eta haren autoari objektuak jaurtiz jaso zuten bertan zeudenek.

Hedabideetan oihartzun eskasa

Nazioarteko egunkari gehienen azalek ez dute albistea jaso, Eurokopako emaitzak izan baitira protagonista Frantziako eta Alemaniako hedabideetan, esaterako. Espainiako Estatuko hedabide nagusiek azalean jaso dute albistea.

Bost egun pasa dira Istanbulgo Ataturk Aireportuko atentatuak izan zirenetik. 41 lagun hil zituzten orduan eta egunkari gehienek azalean jaso zuten.