argia.eus
INPRIMATU
13 urtetik 10era jaitsi diote zigorra Iñaki Abad Altsasuko gazteari
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auziaren epaian akatsak daudela onartu eta hauek zuzentzeko auto bat kaleratu du. Abaden kasuan epaiak ezarritakoa baino zigor handiagoa ezarri zitzaiola onartu da.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 20a
Altsasuko gazteen aurkako epaia arbuiatzeko Iruñean egindako manifestazioa (Argazkia: Dani Blanco)

Efe agentziak jakinarazi duenez, autoak onartu egin du lesio delitu bakoitzarengatik epaiak Abadi ezarri behar zizkion bi urteko zigorren ordez hiru urteko zigorrak jarri zaizkiola. Hala bada, gaztearen defentsa abokatuak eskatutako azalpena balioetsita, lesio delitu bakoitzarengatik urtebete jaitsi diote zigorra. “Nagusitasun eta diskriminazio larrigarriekin autoritatearen kontrako atentatu” delituarekin batera, auto berriaren arabera, hamar urteko zigorra ezartzen zaio Abadi, lehen baino hiru urte gutxiagokoa.

Epaiak baditu akats gehiago, nahiz eta espetxe zigorretan ez eragin. Akatson artean, Auzitegiak adierazi du teniente kargudun guardia zibilaren bikotekideak Abaden kontra akusaziorik egin ez izana ez zuela jaso epaiak, eta akatsa zuzentzea eskatu du.

Iñaki Abad Altsasuko auziaren harira auzipetutako zortzi gazteetako bat da. Bera da guardia zibil sarjentuak gertakarien gainean egindako bertsioa gezurtatzen zuen bideoaren jabea.