argia.eus
INPRIMATU
13 urtera arte mugikorrik ez: Irlandako hiri bateko ikastetxe eta guraso elkarte guztiek hartu duten erabakia
  • Herri bateko familia eta eskola guztiek adosten badute haurrei ez dietela smartphonerik erosiko, akabo seme-alabei mugikorra emateko presioa, akabo mugikorrik ez duen haur bakan horien bazterketa. Bada, Irlandako Greystones hiriko zortzi ikastetxeek eta horietako guraso elkarteek “Smartphonerik gabeko kodea” adostu dute. “Denek bat eginda, ez zara ‘auzoko arraroa’ sentitzen”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 13a
Gurasoen batasuna gako inportantea da, gehienek bide bera urratzen badute lortzen dutelako smartphonea ez izatea desoreka eta bazterketa iturri.

Gure Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren baliokidea hasten duten arte (12-13 urte inguru), haurrei ez dietela smartphonerik emango dioen kodea da adostu dutena, borondatezkoa. Gure Lehen Hezkuntzaren baliokide diren ikastetxe guztiek eta horietako guraso elkarteek hartu dute parte: zortzi denera. Izango da etxerik haurrari mugikorra erosiko dionik, baina asko eta asko dira dagoeneko atxikimendua adierazi duten familiak, eta beraz, kopuru handi bat da 13 urtetik beherako haurrei mugikorra erosteari frenoa jarriko diona.

Umeei smartphonea gero eta lehenago erosten zietela eta ikastetxean debekatu arren eskolaz kanpo mugikorra erabiltzen zutela ikusita hartu dute erabakia, askoz errazagoa baita etxean ezetz esatea, ingurukoek ere antzera jokatzen badute. Gurasoen batasuna gako inportantea da, gehienek bide bera urratzen badute lortzen dutelako smartphonea ez izatea desoreka eta bazterketa iturri. Presioak kontrako norabidea hartu du 18.000 biztanle inguru dituen Irlandako hirian.

Euskal Herrian, ikastetxez ikastetxe

Gurean ere kezka iturri da erabakitzea smartphoneak zein adinetik aurrera erosi seme-alabei. Hainbat ikastetxetan, Greystones-eko filosofia berari jarraiki, gurasoek eurek eztabaidatzen eta adosten dute mugikorraren erosketa zenbat atzeratu, erabaki bateratua izan dadin. Udarregi ikastolaren kasua kontatu genuen ARGIAn: hiru hilero negoziatzen dute gurasoek, ea haurrei mugikorra ematea beste hiru hilabetez atzeratzeko moduan dauden. “Ez dakit lortuko dugun gure haurrek 16 urte bete arte atzeratzea, baina pixkanaka egingo dugu bidea”.

Adina atzeratzeko arrazoiez ere mintzatu zitzaigun Udarregiko gurasoetako bat, aipaturiko artikuluan: batetik, haurren garunak ez daude prestatuta mugikorretako input jarioa behar bezala kudeatzeko, eta bestetik, menpekotasun izugarria sortzen dute –“helduongan ikusten dugu”–.