Lucasek 13 urte baino ez zituen, urtarril honetan bere buruaz beste egitea erabaki zuenean. Homosexuala zelako auzoan eta batez ere eskolan jasaten zuen jazarpenak eraman du heriotzara, gurasoek salatu dutenez. Bullyingaren eta homofobiaren aurkako borroka eztabaidagai jarri du kasuak Frantziako Estatuan.
Frantzia ipar-ekialdean dagoen Épinalen, pasa den asteburu honetan egin dute Lucasen hileta, intimitatean. LGTB komunitatearen aldarria presente izan da hiletan, semea eskola jazarpenaren eta homofobiaren biktima izan dela adierazi baitu familiak. Ikasturte hasieran, irailean, irakasleei amak esan zien umeak irain homofoboak sufritzen zituela: “Ezin zituen gehiago jasan txutxu-mutxuak, injustizia, gaiztakeria eta helduek beste alde batera begiratzea”. Ikastetxetik adierazi dute oso serio hartu zutela gaia eta esku hartu zutela, Lucasek gerora esan ziela gauzak konpondu zirela, “baina helduak ez gara gai izan ikusteko azkenaldian ez zegoela ongi, halako berri bat terriblea da”, adierazi du eskolako zuzendaritzak.
Ardurak zehazteko, ikerketa zabaldu du Épinalgo Fiskalak. Bateko eta besteko agintariek berriz, Lucasen heriotza deitoratu dute. "Lucasek diskriminazio homofoboa jasan zuen, argi eta garbi, eta hori ez dute umeek eurek bakarrik ikasten, hori helduei entzun diete. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza", nabarmendu du Charlotte Caubel Haurtzarorako Estatu idazkariak.
Tamalez, ez da kasu bakana. 2020an 17 urteko neska batek bere buruaz beste egin zuen Galizian, bisexuala zela esan zuenetik eskolakideengandik jasan zuen jazarpenaren ondorioz. 2021 bukaeran, 20 urteko emakume andaluziar bat suizidatu egin zen, lesbiana izateagatik bortizki jazartua izan ostean. Lau salaketa zituen jarriak.
"Ezin zituen gehiago jasan txutxu-mutxuak, injustizia, gaiztakeria eta helduek beste alde batera begiratzea"
Eskola, LGTB komunitatearentzat eremu erosoa?
Jazarpen homofobikoa da jazarpen nagusietakoa eskoletan, oraindik ere. Irakasle birekin gaiaz aritu ginelarik, esan digute eskola ez dela sexu identitate guztiak babesten dituen espazioa, inondik inora: “Norbaiti marikoi deitzeaz ari gara, baina heterosexual ez denarenganako biolentzia alde guztietatik dator eskolan, curriculumetik hasi eta irakasleok egiten ditugun iruzkinetaraino”.
Gizarteko beste esparru guztietan bezala, eskolan ere inportantea da gaia lantzea eta mahaigaineratzea, heziketa sexu-afektiboan indarra jarriz eta aniztasunean heziz. ARGIAn gako batzuk jaso genituen, nola bihurtu eskola LGTB ikasle eta irakasleentzako arnasgune. Esaterako, irain LGTBfoboen aurrean, fokua aldatzera animatu gintuen Kepa Blázquez irakasleak: “Beti biktimaren inguruan, hark sufritutakoaren eta aske maitatzeko eta desiratzeko duen eskubidearen inguruan zentratu beharrean, alda dezagun fokua erasotzailearengana: diskurtsoa bideratu beharko litzateke norbere homofobia lantzera eta desaktibatzera”.
Bai suizidioa, bai bullyinga, mahai gainean
Gero eta gehiago hitz egiten da suizidioaz, bere buruaz beste egiten duen jende kopuruaren zifra lazgarriek eta tabua apurtzeko gaia azaleratzen duten belaunaldi gazteek bultzatuta. Oraindik, ordea, asko dago egiteko suzidioaren prebentzioari eta lanketari begira.
Bullying edo eskola jazarpena, aldiz, azken urteetan orokorrean gehiago jorratu da eskoletan, protokolo, gogoeta eta estrategia ugariren bidez, haurren kontuak edo txikikeriak direla pentsatzeari utzi eta duen benetako dimentsioa emanez.
Frantziako Estatuan, datuek diote hamar haurretik batek jasaten duela bullyinga. Pasa den ikasturtean, eskola jazarpen gisa 157 kasu identifikatu zituen EAEko Hezkuntza Ikuskaritzak guztira –aurreko ikasturtean 129–, gehienak Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren eta hiru kasutik bat ziberbullyinga izan zen.