argia.eus
INPRIMATU
13 urteko neska indigena bat bortxatu dute Kolonbiako zazpi militarrek
  • Embera herri indigenako 13 urteko neskato bat bahitu eta bortxatu zuten Kolonbiako armadako zazpi soldaduk.

Axier Lopez @axierL 2020ko ekainaren 29a
Embera etniako hainbat kidek protesta egin dute azken egunotan. Argazkia: Raul Arboleda (AFP)

Kolonbiako armadako zazpi soldaduk epailearen aurrean aitortu dute Embera etnia indigenako 13 urteko neskatoa bortxatu dutela. Ekainaren 21ean desagertu zen Santa Cecilia herrian, Kolonbiako iparraldean, neskatoa bahitu eta bortxatu egin zuten baserri batean, Kolonbiako Armadako San Mateo batailoiko zazpi kidek. Hurrengo egunean aurkitu zuten neska gertuko eskola batean.

Zazpi militarretatik seiri bortxaketa egotzi diete, eta zazpigarrenari konplize izatea. Kasuak sumina eragin du herrialdean eta familiak eta buruzagi indigenek justizia eskatu dute. Ivan Duque presidenteak eta Francisco Barbosa fiskal nagusiak egileekin “malgutasunik ez dutela izango” adierazi dute.

"Badakigu ez dela gai isolatua, egiturazkoa baizik", esan du Aida Quilcue Kolonbiako Erakunde Nazionaleko giza eskubideen aholkulariak. Kolonbiako Indigenen Erakundeko kide Armando Valbuenak adierazi duenez, Embera, wayu edo afrokolonbiarren komunitateetan bizi diren adingabeek, soldaduen jazarpena ez ezik, paramilitarrena ere sufritu behar izaten dute. Kolonbian bi milioi indigena inguru bizi dira, 115 etniatan banatuta.

Marta Lucía Ramírez Kolonbiako presidenteordeak prozesu judizial azkarra eskatu zuen ostegunean: "Kolonbiak errukigabea izan behar du adingabeen, nerabeen eta emakumeen sexu-abusuekin".

Mafe Carrascal Bogotako ekintzaile batek The Guardian egunkariari adierazi dionez, “militarren ankerkeria sistematikoa da, eta beren entrenamendua aldatzen ez bada, giza eskubideak babesteko formazio seriorik ez badute, horrelako krimenak errepikatuko dira”.

Biziarteko zigorra

Pasa den astean Kolonbiako kongresuak ume-bortxatzaile eta -hiltzaileentzako biziarteko kartzela-zigorra onartu zuen. Hala ere, lege berria ezingo zaie aplikatu zazpi soldadu hauei, oraindik ez baita indarrean sartu.

Datu ofizialen arabera, iaz Kolonbian 22.000 adingabe baino gehiago izan ziren sexu-delituen eta hilketen biktima.

"Emakumearen aurkako indarkeria-ekintza bakoitzaren bidez marraz daitekeen lerro bat dago, soldadu batek, polizia batek, gizon aberats batek edo beste modu batera egindakoa: eta ildo hori botere-abusua da, ukatzeko gorputza askatasunez bizitzeko emakumeen eskubidea", esan du Olga Amparo Sánchez Emakumearen Etxeko zuzendariak. "Emakumeen bizitzak ez du baliorik herrialde honetan".