argia.eus
INPRIMATU
Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Mario López Gernikako saskibaloi entrenatzaileari
  • Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 25

Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eta fiskalak hamalaukoa eskatu bazuten ere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ipini dio Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeko Mario López entrenatzaileari. Urtarrilaren 14tik 17ra egin zen epaiketa. Lópezen defentsak adierazi zuen entrenatzaile ohiak "kontaktu baimenduak" izan zituela adin txikikoarekin, 13 urteko neskarekin. Gizonezkoak 31 urte zituen orduan.

Era jarraituan gertatu ziren erasoak, hiru urte eta erdiz; hala salatu zuen emakumeak eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiak frogatutzat eman du. Ebazpenaren arabera, 50 aldiz baino gehiagotan elkartu zen neskarekin, eta "era guztietako erasoak" egin zizkion, maiztasuna eta intentsitatea handitzen joanda. Epailearen arabera, adin nagusitasunaren botere posizioz baliatu zen erasotzailea, emakumearen zaurgarritasunaz aprobetxatuta.

Hamahiru urte eta erdiko espetxe-zigorraz gain, saskibaloi entrenatzaile izateko bost urteko debekua ezarri dio epaileak, baita biktimarekiko urruntze agindua eta 80.000 euroko kalte ordainak ere.