Espainiako Auzitegi Nazionalak beste 13 euskal preso askatzea erabaki du, Estrasburgoren epaia aplikatuta. Hemendik aurrera, ebazpenaren inguruko erabakiak ez dituzte Zigor Salaren osoko bileretan hartuko, eta horrek preso bakoitzaren prozedura azkartzea ekarriko duela espero dute.
Preso bakoitzaren kasua berari zigorra jarri zion sekzioak aztertzea ebatzi zuten atzo, Oihana Elduaien Berriako kazetariak azaldu duen moduan: "Hala egingo dute fiskalak aske utzi behar dela irizten dien kasuetan. Fiskalak kontrakoa dionetan, berriz, Zigor Salak erabakiko du, osoko bilkuran".
Aske geratu diren 13 presoak:
Josu Diaz de Heredia Ruiz de Arbulu
Juan Mari Gabilondo Agote
Antxon Lopez Ruiz
Francisco Lujanbio Galdeano
Inmaculada Noble Goikoetxea
Pello Odriozola Agirre
Kepa Rezabal Zurutuza
Gonzalo Rodriguez Cordero
Mitxel Turrientes Ramirez
Maritxu Uzkudun Etxenagusia
Joxe Felix Zabarte Jainag
Raul Ibañez Diez
Andoni Alza Hernandez (baldintzapean aske zegoen)
24 euskal preso jada kalean
Libre geratu zen lehendabizikoa Pello Odriozola izan zen. Atzo 22:00etan atera zen Zuerako (Zaragoza) espetxetik (Irudiak: Tolosaldeko Ataria).
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontrako ebazpena eman zuenetik, 24 euskal preso askatu dituzte.
Atzo, 13 euskal presoez gain, GRAPOko bat eta preso arrunt bat askatu zituzten.
AVTren protestak Puerto I espetxearen ateetan
AVT biktimen elkartearen pankartak zituzten 40 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten atzo Puerto I presondegiaren ateetan. Antxon Lopez Ruiz presoaren autoa inguratu eta barruan zihoazenak iraindu eta mehatxatu zituzten.
Geroago, Lopez Ruiz kartzelatik atera eta autoan igo zenean, hainbat lagunek ibilgailua kolpatu zuten, Efe agentziak jakinarazi duenez.
Bideo honetan, presoaren zain zeudenek jasotako irainak: