Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak adostu dute beste hamahiru euskal preso Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako espetxeetara hurbiltzea. Ez da jakinarazi zein espetxetara eramango dituzten; Lakuako Gobernuaren esku dago erabakia.
Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dute hamahiru euskal preso Euskal Herriko kartzeletara mugituko dituztela datozen egunetan. Orain arte Sanchezen gobernuak onartu duen lekualdatze handiena da. Hainbat urtez –gehienek urte asko eman dute kartzelan– Espainiako Estatuko zenbait espetxetan sakabanatuta egon eta gero, ondorengoak dira hurrengo asteetan mugituko dituzten euskal presoak: Xabier Garcia Gaztelu (Estremeratik), Jon Bienzobas (Dueñastik), Unai Parot (Mansilla de las Mulasetik), Jon Rubenach (Duesotik), Manex Castro (Duesotik), Jose Antonio Zurutuza (Burgostik), Aitor Agirrebarrena (Villabonatik), Oskar Zelarain (Soriatik), Ismael Berasategi (Logroñotik), Juan Manuel Inziarte (Duesotik), Eider Perez (Zueratik), Jon Igor Solana (Zueratik), eta Alberto Lopez de la Calle (Villabonatik).
Behin hamahiru lagun hauek Euskal Herriratuta, 40 bat preso geratuko dira Euskal Herritik kanpo Espainiako Estatuko espetxeetan sakabanatuta.
Presoen argazkiak jartzeagatik, Auzitegi Nazionalera
Bilboko Txori Barrote konpartsaren aurkako salaketa bat aurkeztu du Dignidad y Justicia elkarteak, Bilboko Aste Nagusian prestatutako gunean preso politikoen argazkiak zeudela argudiatuta. Salaketa onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok, eta ikerketa bat jarriko dute martxan, "terrorismoa goratu" ote zuen eta "terrorismoaren biktimak umiliatu" ote zituen ebazteko. 2010ean ere Txori Barroteko beste lau kidek deklaratu behar izan zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean preso politikoen argazkiak erakusteagatik. Guztiak absolbitu zituzten.