Kontseiluak amua bota eta euskararen normalizazioan dagoeneko pauso garrantzitsuak eman dituzten enpresek heldu egin diote proposamenari. Besteentzat eredu izan nahi dute, baita akuilu lana egin ere.
Ondokoak dira Euskaragileak enpresa batzordea sortu duten enpresak: Batz, Cikautxo, Eika, Ekin, Elay, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Matz-Erreka, Mondragon Unibertsitatea Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orkli. Denek bide luzea egin dute etxe barruan euskararen normalizazioari dagokionez, eta hemendik aurrera etxera begira arituko badira ere, ingurukoak “kutsatzen” saiatuko dira.
Urte hau bukatu aurreko ekinbide nagusia zehatza da: 13 enpresa horien hornitzaileek sarri erdaraz egiten dute lan eta Euskaragileak batzordean elkarbanatzen dituzten hornitzaileei euskarazko zerbitzua eskaintzeko eskatuko diete. Leire Okarantza Fagorreko ordezkaria da eta hala adierazi du berak: “Guztiok irabaziko dugu: guk zerbitzua euskaraz jasoz, gure hornitzaileek euren zerbitzua eta kalitatea hobetuz eta gizarteak oro har lan munduaren euskalduntzean urrats berriak emanez”.
Kontseiluarekin batera egindako lanean bost funtzio finkatu dituzte batzordearentzat: enpresok eragile aktiboak izatea; eredugarriak izatea; enpresen arteko sinergiak sustatzea; euskararen normalizaziora enpresa berriak erakartzeko bitartekari lanak egitea; enpresa-euskaragileak egindako bidearen onurak erakustea.