argia.eus
INPRIMATU
127.000 euro behar ditu Seaskako Integrazio Batzordeak
  • 20 urte beteko ditu aurten ahalmen urritasun egoeran diren haurren gurasoen eta lagunen elkarteak. Gaur egun, Seaskako ikastoletako 111 haur laguntzen ditu.

Ipar Euskal Herriko Hitza @iehkohitza 2019ko martxoaren 01

Dirua biltzeko urteroko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak, baina, beste urteetan baino bereziagoa izanen da aurtengoa, 20. kanpaina izanen dutelako. 1999ko irailean ahalbidetu zuten lehen aldiz ahalmen urritasun egoeran zen haur bat bere ikastolan eskolatzea; 20 urte beranduago 111 haur laguntzera iritsi dira, eta beste 39 proiektu ikerketa fasean dituzte. “Biziki berri ona da, ahalmen urritasun egoeran diren haurren eskolatzea etengabe igotzen ari delako ikastoletan”, adierazi dute agiri batean. Aurtengo kanpainan 127.000 euro bildu nahiko lituzkete haurren eta haien familien laguntzeko.

Gure helburuak hastapenekoak dira:
“Haur bakoitzaren beharrei erantzutea, ikastoletan egon dadin segurtatzea, bere ingurumenean, besteen artean”

Azken 20 urteetako helburu berarekin segitzen dutela azaldu dute halaber: “Haur bakoitzaren beharrei erantzutea, ikastoletan egon dadin segurtatzea, bere ingurumenean, besteen artean”. Hori izan baita hasieratik Integrazio Batzordeak eraman duen lana. “Haur bakoitza berezia denez, laguntza egoki batek bakarrik ahalbidetuko dio haur desberdin bati besteak bezala lortzea: pertsona berezi bat bezala, bere berezitasunez harro”.

Zentzu horretan, Frantziako Hezkuntza Nazionalaren jarrera deitoratu du Integrazio Batzordeak, lege testuak kontuan hartu gabe, ez dituelako beharrezko postu guziak diruztatzen. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute babesle, elkarte eta herritarrek ematen dioten laguntza. Asteburu honetatik aitzina abiatuko dute diru biltze kanpaina eta urte guzian zehar ekitaldi andana antolatuko dituztela iragarri dute.

Artikulu hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.