argia.eus
INPRIMATU
122 urteko kartzela zigorra ezarri diote Marixol Iparragirreri
  • Auzitegi Nazionalak 122 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri, Luciano Cortizo Lurreko Armadako komandantearen hilketarako "agindua ematea" eta "lehergailuak hornitzea" egotzita. Cortizo komandantea 1995eko abenduaren 22an hil zen, Leonen, bere ibilgailuaren eserlekuaren azpian itsatsitako bonba lapa bat lehertuta.

Goiena @goiena 2020ko uztailaren 24a
Espainiako Auzitegi Nazionalean Iparragirreri egin dioten lehen epaiketa da hau. / EFE

Iparragirreren aurka Espainiako Estatuan eginiko lehen epaiketa uztailaren 8an eta 9an izan zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta fiskaltzak 122 urteko zigorra eskatzen zuen: 30 urte hilketa delituagatik, beste 80 urte hilketa saiakera delitua leporatuta —erasoan izandako lau zauritu larri bakoitzeko, 20 urte—, eta hamabi urte lehergailuak edukitzea egotzita. Hori horrela, epaileak fiskaltzaren eskaerari men egin dio.

Iparragirre 2004an atxilotu zuten Frantzian, ETArekin lotuta, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, ETAren zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Abuztuaren 27an amaitu zitzaiola zigor hori, baina oraindik preso zegoela Reauko espetxean salatu zuten Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiaguako Kalera Kalera dinamikak. Hala, Espainiaratu egin zuten, eta Brievako kartzelan pasatu ditu azken hamar hilabeteak, bakartze moduluan.

11 kausa irekita

Haren aurka hamabi kausa dituzte irekita, eta gaurkoa lehen epaiketaren sententzia izan da. Hamabi kausa horietan bilduta daude, defentsaren esanetan, Iparragirreri bere ibilian egotzi dizkioten ekintza guztiak: Araba komandoarenak, Madril komandoarenak, ustez erakundean ardura militarrak zeuzkanekoak... Datozen bi epaiketen datak zehaztuta daude: urrian eta datorren urteko urtarrilean izango dira.